U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano

[22/03/2016] MARTXOAK 19-20 ASTEBURUKO EMAITZAK

INFANTIL MUTILAK GARAIPEN BIKAIN BAT ESKURATU OSTEAN, GIPUZKOAKO TXAPELKETAKO MULTZOAN BIGARREN POSTUAN DIRA
 
 
Urnieta Ñam Restaurateko infantil mutilek partida bikaina eskaini zuten igande goizean Udal Kiroldegian, 20-18 garaituz Zarautzeko Amenabar D. Garaipena lehenengo zati bikain batean oinarritu zen, defentsa-lan on eta eraso landu batekin, jokaldi politak eginez zaleen gozamenerako. Bigarren zatian berriz zarauztarrek gehiago estutu zuten eta lehenengo zatian urnietarrek eskuratutako errenta murriztu zuten arren, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilak ez ziren urduri jarri azken minutuetan eta bi puntuak eskuratu ahal izan zituzten. Garaipen honekin, Gipuzkoako Txapelketako bigarren multzoko sailkapeneko bigarren postua dira, Tolosa liderrarengandik bi puntura.
 
 
Bi seniorrek galdu egin zuten
 
Senior taldeek ez zuten zorterik izan jardunaldi honetan. Urnieta Balerdi Haraegiko mutilek gol bakarrarengatik (26-25) galdu zuten ostiralean Zumarragako Urolaren aurka. Partida gogorra eta borrokatua izan zen, non urnietarrak jokoan behetik gora joan ziren eta bukaeran ia puntu bat eskuratu zuten. Epaileak ez ziren oso fin ibili kaleratzea erabakitzerakoan, batez ere etxekoei, eta partida gehiegi “berotzea” ahalbidetu zuten. Horrela, partida amaitzeko 8 segundo falta zirenean eta 26-25 emaitzarekin, gorritxoek zelai erditik azkar atera nahi izan zuten baina Urolako jokalari batek kiroltasunik gabeko falta egin zuen eta jokalarien eta harmailetan zeuden zenbait zaleen arteko iskanbila sortu zuen. Honen ondorioa bi txartel gorri izan ziren, bat kiroltasunik gabeko falta egin zuen Urolako jokalariarentzat eta bestea jokalari urnietar batentzat. Baretu ostean, UKEkoek ez zuten denborarik eduki erasotzeko eta markagailua ez zen mugitu.
 
Urnieta Larrialdiakeko senior neskek laugarren aldiz galdu egin zuten Lezoko Munttarperen aurka. Partida berdinduta hasi zen, etxekoek 1-2 goleko errentak eskuratuz eta sentsazio onekin: defentsan lan ona egiten ari ziren eta erasoa tarteka oso landua ez izan arren, gol aukera argiak lortzen zituzten. Horrela, partida 11-10 iritsi zen atsedenaldira, urnietarren alde. Bigarren zatiaren hasiera, ordea, oso desberdina izan zen: etxekoen defentsak ezin zuen lezotarren pibote indartsua kontrolatu eta erasoan akats gehiegi egiten zituzten, baloi-galera ugariekin eta jaurtiketa argiak huts eginez. Ondorioz, Munttarpek partida erabaki zuen 4 goleko errenta eskuratu zuen. Hala ere, Victor Rodriguezen neskek ez zuten etsi eta gol bakarrera jartzea lortu zuten arren, azkenean partida 19-22 amaitu zen. Nabarmentzekoa jokalariek egindako esfortzu handia, baita azken partidetan jubenilek egin duten lana, minutu asko jokatu ahal izan zituztelarik.
 
 
Igande goizean, infantil mutilen partida baino lehenago, Eskubaloi Eskolak Eskolen Ligari dagokion partida jokatu zuten Tolosaren aurka. Txikienek partida ona jokatu arren, ezin izan zuten Tolosako talde ona garaitu eta 15-18 galdu zuten. Hala ere, astero entrenamenduetan erakusten ari diren hobekuntza agerian utzi zuten.
 
Jardunaldi honen ostean lehiaketa ofizialak etenaldia izango du Aste Santuko oporrengatik, baina senior taldeek izan ezik, gainontzekoek Portugalgo Andebolmania Txapelketan parte hartuko dute
 
MARTXOAK 19-20 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti MARTXOAK 19-20 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook MARTXOAK 19-20 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[17/03/2016] 2016KO ANDEBOLMANIA

UKEko ESKUBALOI SAILAK HIRUGARREN ALDIZ JARRAIAN PORTUGALEKO ANDEBOLMANIA NAZIOARTEKO TXAPELEKETAN PARTE HARTUKO DU

 

Aurtengoa hirugarren aldia izango da UKEko eskubaloi sailak lurralde portugaldarrera bidaiatuko duena Aste Santuan Andebolmaniaren edizio berri batean parte hartzeko. Txapelketa Oportotik gertu dagoen Sao Joao Da Madeiran ospatuko da eta bertako klubak, ADS, antolatzen du. Aurten 120 talde eta 1700 jokalari Portugal, Frantzia eta Espainiatik gerturatuko dira Sao Joaora martxoaren 23tik 26ra bitartean jokatuko den txapelketa handira. Aurreko urteetan izandako esperientzia positiboak Andebolmania Txapelketa eskubaloi urnietarraren egutegian barneratzea eragin du.

 

Urnieta K.E.-ak berriro ere 6 talderekin parte hartuko du infantil, kadete eta jubenil kategorietan, bai mutil zein nesketan. Gainera, aurten UKEko taldeekin batera Hernani Eskubaloi Taldearen bi taldek bidaiatuko dute.

 

Bidaiaren antolakuntzaz guraso-talde bat arduratu da eta badira zenbait aste lanean daramatela egonaldi guztian zehar dena ahalik eta ondoen atera dadin. Jokalari, entrenatzaile eta senideen artean ia 150 urnietarrek bidaiatuko dute, beste 50 hernaniarrekin batera, hiru autobusetan eta zenbait auto pribatuetan herri portugaldarrera beraien kirol gustukoenaz gozatzeko. Hauek guztiak hurrengo asteartean, martxoak 22, abiatuko dira Sao Joaora eta igandean, 27an, itzuliko dira Urnietara. Hortaz, lau egunen zehar lehiaketa handi batez gozatu ahal izango dute non urnietarrek iberiar penintsulako talde indartsuenen aurka jokatu ahal izango duten, besteak beste Balonmano Aragon edota Benfica. Lehiaketaz gain, txapelketan festarako eta ikuskizunetarako denbora ere utzi dute.

 

Klubetik, aurreko urteen moduan dena ahalik eta ondoen ateratzea espero dute baita urnietarrak kiroltasun eta jai-giro eredua izan daitezela.

 

 

2015ean ANDEBOLMANIAn izan ziren UKEko eskubaloi saileko partaideak

 

 

 

 

 

 

2016KO ANDEBOLMANIA - Compartir en Tuenti 2016KO ANDEBOLMANIA - Compartir en Facebook 2016KO ANDEBOLMANIA - Compartir en Tweeter

[14/03/2016] MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO EMAITZAK

JARDUNALDI KASKARRA ESKUBALOI TALDEENTZAT

Aurreko asteburuko eskubaloi jardunaldia kaskarra izan zen, jokatutako 8 partidetatik 3 garaipen eskuratu baitzituzten urnietarrek.

Lehenengo Territorialeko senior mutilek ezin izan zuten garaipena eskuratu eta Urnieta Balerdi Harategikoek 26-29 galdu zuten etxean Egiaren aurka, partida guztian zehar urnietarrak markagailuan atzetik izan ostean. Lehenengo zatian ez zuten ondo defendatu etxekoek eta Egiak berehala hartu zuen aurrea markagailuan eta atsedenaldira 13-16 iritsi ziren. Emaitzak urnietarrek partida altxa zezaketen esperantza utzi arren, bigarren zatiaren hasiera oso txarra izan zen etxekoen aldetik, erasoan akats ugari egiteaz gain 2 minutuko kaleratzeak jasan zituzten. Ondorioz, bigarren zatiko 8. minuturako Egiak sei goleko aldea eskuratu zuen (15-21). Hala ere, gorritxoek ez zuten amore eman eta hiru goletara gerturatzea lortu zuten amaierarako 4 minutu falta zirenean. Une horretan 7 metroko jaurtiketa alde eduki zuten baina huts egin zutenez partida irabazteko aukerak hor egin zuen alde. Azkenean, 26-29 donostiarren alde.

Senior neskek ere ezin izan zuten garaipena eskuratu igandean Durangon eta 22-18 galdu zuten Ibaizabalen aurka. Urnieta Larrialdiakekoen partida ona izan arren, jaurtiketa askotan kale egin zuten eta horrek partida bizkaitarrek irabaztea ahalbidetu zuen. Norgehiagoka erritmo altuarekin hasi zen eta markagailuak bi taldeen arteko berdintasuna erakusten zuen (8-8, 15. minutuan). Une horretatik aurrera urnietarrak jaurtiketak huts egiten hasi ziren eta atsedenaldira 11-9 iritsi ziren etxekoen alde. Bigarren zatiaren hasiera oso txarra izan zen gorritxoentzako eta Ibaizabalekoek 8 goleko aldea eskuratu ahal izan zuten (18-10). UKEko neskek ordea ez zuten borrokatzeari utzi eta 2 goletara gerturatzea lortu zuten baina, beste behin, jaurtiketak huts egin izanak urnietarrek partida altxatzea galarazi zuen. Azkenean, 22-18 Durangokoen alde. Aipatzekoa jubenilek egindako lana, minutu asko edukiz aurten seniorrek dituzten baja ugarien ondorioz.

Eskuratutako garaipenen artean, nabarmentzekoa Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek lortutakoa 27-28 Hondarribiren aurka. Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilek gaizki hasi zuten partida eta lehenengo 10 minutuen ostean 8-1 galtzen joan ziren. Baina hurrengo minutuetan, urnietarrak partidan sartu eta defentsa berrantolatu ostean golen aldea hirura murriztu zuten atsedenaldia iritsi baino lehenago. Bigarren zatian ez ziren erlaxatu eta minutu erabakigarrietara fisikoki aurkaria baino indartsuago iristeaz gain, Imanol Pagolak geldiketa garrantzitsuak egin zituen. Ondorioz, meritu handiko garaipena eskuratu zuten batez ere partida nola hasi zen ikusi ostean.

Garaipena eskuratu zuen beste talde bat Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskak izan ziren, 20-13 menderatuz Bera Bera. Horrela, Gipuzkoako Txapelketan bigarren garaipena jarraian eskuratu zuten.



Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek beste hainbeste egin zuten larunbatean Leizaranen aurka jokatutako derbian eta 29-20 irabazi zuten. Andoni Ruiz eta Jon Sanchezek entrenatutako neskak andoaindarrak baino gehiago zirela erakutsi zuten eta garaipen honekin sailkapeneko lehenengo postuan dira beraien multzoan Foru Aldundiko Txapelketan.



Azkenik, Eskubaloi Eskolak bere kideen arteko lagunarteko partida bat jokatu zuen hurrengo asteburuan Tolosako Eskubaloi Eskolaren aurka jokatuko duten partidari begira.

Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:

El resto de resultados fueron los siguientes:

Infantil mutilak: Ereintza B 25 Urnieta Ñam Restaurante 24
Lehenengo urteko infantil neskak: Ereintza 21 Urnieta Altuna Autobusak 20
Jubenil mutilak: Bidasoa 32 Urnieta Guria 24

MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[10/03/2016] MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO PARTIDUAK

LEHENENGO TERRITORIALEKO SENIOR MUTILEK EGIAREN AURKA JOKATUKO DUTE, BOSGARREN POSTUA JOKOAN DUTELA


Lehenengo Territorialean beste denboraldi batez jarraitzeko helburua lortuta, Urnieta Balerdi Harategiak gehiago nahi du eta Liga ahalik eta postu onenean amaitu nahi du. Une honetan seigarren postuan dira 22 punturekin eta Liga amaitzeko lau partida falta direla, postu hau ez galtzea ziurtatu dute, zazpigarren tokian den Leizaran 9 puntura baitago. Beraz, larunbatean 18:15etan Udal Kiroldegian Egiaren aurka jokatuko duten partidan garaipena eskuratu nahi dute bosgarren postua eskuratzeko, talde donostiarrak urnietarrak bezain beste puntu ditu eta. Hortaz partida interesgarria bi taldeek eskainiko dutena.

Senior neskak, Durangon

Bestalde, Urnieta Larrialdiakeko senior neskek denboraldiko lehenengo partida jokatuko dute lurralde bizkaitarrean. Igandean izango da, Durangon Ibaizabalen aurka 12:00etan. Gorritxoak bolada onean dira, bigarren fase honetan jokatu dituzten bi partidak irabazi dituzte eta D multzoko sailkapeneko lehenengo postuan dira. Beraz, UKEkoak esfortzurik handiena egingo dute puntuak Gipuzkoara ekartzeko.

Eskubaloi jardunaldia kiroldegian hasiko da 12:15etan, Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil nesken eta Bera Beraren arteko partidarekin. Aurreko jardunaldian Orion Gipuzkoako Txapelketako lehenengo garaipena eskuratu ostean, Carlos Fierroren eta Xabat Salaberriaren neskek puntuak irabazten jarraitzea espero dute talde donostiarraren aurka.

Larunbat arratsaldean, senior mutilen partida baino lehenago, Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Leizaranen aurka jokatuko dute derbia 16:30etan. Urnietarrek garaipena eskuratu beharko dute bosgarren postuari eutsi ahal izateko.

Igande goizean ere eskubaloi jarduerak izango dira Udal Kiroldegian. Eskubaloi Eskolako txikienek zenbait partidu jokatuko dituzte beraien artean 11:30etatik aurrera.

Etxetik kanpo jokatuko duten UKEko gainontzeko taldeak:

Infantil mutilak: Ereintza B - Urnieta Ñam, Beraun frontoian igandean 12:30etan
Infantil neskak: Ereintza A - Urnieta Altuna Autobusak, Beraun frontoian larunbatean 10:15etan
Kadete mutilak: Hondarribi - Urnieta Itxaso Arraindegia, Hondarribiko kiroldegian larunbatean 13:00ean
Kadete neskak: Atsedena
Jubenil mutilak: Bidasoa - Urnieta Guria      Artalekun, Igandean 12:00etan

MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook MARTXOAREN 12-13 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[09/03/2016] MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO EMAITZAK

UKEko SENIOR NESKEK LEIZARANI IRABAZI ZIOTEN DERBIA

 




Garaipen handia eskuratu zuten senior neskek Leizaranen aurkako derbian. Bigarren garaipen honekin sailkapeneko lehenengo postuan da Euskadiko Ligako bigarren fase honetan.
Partida hasieran bi taldeek hartu ahal izan zuten aurrea markagailuan eta jokoan bi taldeen erasoak defentsei gailentzen ziren. Gorritxoek defentsan gehiago estutu ostean bi goleko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira (12-14). Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren amaiera bezalakoa izan zen eta horri esker golen errenta 6koa izatea lortu zuten. Abantaila hori ondo kudeatu zuten Victor Rodriguezen neskek eta amaierako emaitza 19-25 izan zen. Orokorrean taldeak maila onean jokatu zuen denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratzeko. Nabarmentzekoa ere azken partidatan jubenilek seniorrei ematen ari zaien laguntza, azken hauek baja asko baitituzte taldean. Hurrengo partida Ibaizabalen aurka izango da eta lurralde bizkaitarrean jokatuko duten lehenengo partida izango da, Durangon hain zuzen.



Senior mutilek ezin izan zuten garaipena eskuratu larunbatean Elgoibar, bigarren sailkatuari, egindako bisitan. Urnieta Balerdi Harategikoak gaizki hasi zuten partida eta etxekoek berehala hartu zuten aurrea markagailuan. UKEkoen defentsa ez zen beste batzuetan bezain sendoa eta ezin izan zuten elgoibartarren erasoa geldiarazi. Hori nahikoa ez balitz, erasoan jaurtiketa asko huts egin zituzten eta horrela 15-9 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian defentsa-sistema aldatu arren, ez zen esperotako erreakzioa lortu eta etxekoek errenta bederatzi golera handitu ahal izan zuten. Amaieran Elgoibarrekoak zertxobait erlaxatu ziren eta urnietarrek emaitza zertxobait konpondu ahal izan zuten, bukaerako emaitza 29-23 izanik.

Hiru talde infantilen garaipenak

Partida ziraragarria ostiralean Urnieta Ñam Restauranteseko infantil mutilek jokatutakoa Tolosa A talde indartsuaren aurka. Urnietarrek hasiera pattala izan zuten jokalarien nerbioengatik eta batez ere defentsan nabaritu zen. Ondorioz, tolosarrek atsedenaldian 3 goleko errenta zuten. Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren amaieraren berdina izan zen Tolosak 5 goleko errenta eskuratu zuen arte. Une horretan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek beraien indar guztia erakutsi zuten eta partidari buelta ematea lortu zuten, amaierarako minutu bat falta zela 2 goleko errenta edukiz. Hala ere, ezin izan zioten abantailari eutsi eta tolosarrek egindako presioak partida berdintzea lortu zuen, azkenean 26-26ko markagailuarekin bukatuz partida. Nabarmentzekoa kiroldegian bizitako giro bikaina, zaleek asko animatu baitzuten txikienen taldea.



Bestalde, bi infantil nesken taldeek Gipuzkoako Txapelketako lehenengo garaipena eskuratu zuten. Lehenengo urteko Urnieta Altuna Autobuseko infantil neskek 21-16 irabazi zioten Zarautzeko Aial Dri eta bigarren urteko Urnieta Kamoxekoek 17-19 irabazi zioten Oriokori.



Gainontzeko emaitzak:

Kadete neskak: Aiala 32 Urnieta Adarra Aroztegia 24
Kadete mutilak: Urnieta Itxaso Arraindegia 30 Egia 23
Jubenil neskak: Ordizia 22 Urnieta Quel Abogados 19
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 25 Eibar 30

MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[03/03/2016] MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO PARTIDUAK

UKE ETA LEIZARANEKO SENIOR NESKEN ARTEKO DERBIA

 

Asteburu honetan jokatuko diren partiden artean, erakargarrienetako bat Leizaran eta Urnieta Larrialdiakeko senior neskek Andoainen jokatuko dutena izango da. Victor Rodriguezen neskak bolada onean dira eta andoaindarren aurka bi puntuak eskuratzeko asmo osoarekin joango dira partidara. Hortaz, hitzordu polita Aiurralde kiroldegian 18:00etatik aurrera.

 

Mutilak Elgoibarren

 

Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek Lehenengo Territorialeko bigarren sailkatua den Elgoibarri egingo diote bisita. Urnietarrek aurreko asteburuan etxean Eibarren aurka galdu ostean garaipenaren bidera itzuli nahi dute. Elgoibarrekoa zelai zaila da, puntu gutxi galdu baitituzte bertan etxekoek baina joaneko partidan urnietarrek gol bakarrarengatik galdu zuten. Beraz, Jokin Jimenezek eta Patxi Morandeiraren mutilek bere bertsio hoberena erakutsi beharko dute punturen bat lortu nahi izanez gero. Partida Elgoibarreko kiroldegian izango da 17:45etatik aurrera.

 

Larunbatean 11:30etan Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek Aiala Dren bisita izango dute. Etxekoen helburua Gipuzkoako Txapelketan lehenengo garaipena eskuratzea izango da. Bigarren urteko Urnieta Kamoxekoek ere helburu berdina izango dute baina igandean 9:30etan jokatuko dute Orion.

 

Larunbatean 12:45etan Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek Egiaren aurka jokatuko dute eta hauen helburua beraien multzoko lehenengo postuetara hurbilduko dituen garaipen bat eskuratzea izango da.

 

Igandean 12:00etan Urnieta Guriako jubenil mutilen txanda izango da, Udal Kiroldegian Eibarren aurka.

 

Etxetik kanpo jokatuko duten gainontzeko taldeak:

 

El resto de equipos juegan fuera de casa, estos son los rivales y horarios:

 

Kadete neskak: Cerrajeros - Urnieta Adarra Aroztegia Zarautz, Larunbatean 13:00 Antonian Kiroldegian.

Jubenil neskak: Ordizia - Urnieta Quel Abogados Igandean 10:00etan Ordiziako kiroldegian.

 

MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[02/03/2016] OTSAILAREN 27-28 ASTEBURUKO EMAITZAK

ESKUBALOIKO SENIOR PARTIDETAN GARAIPEN BAT URNIETARENTZAT ETA BESTE BAT EIBARRENTZAT

 



Aurreko asteburuan eskubaloiko bi senior taldeek Eibarren aurka jokatu zuten. Neskek partida irabaztea lortu zuten baina mutilek ez zuten zorte bera izan eta hiru golengatik galdu zuten.

Urnieta Larrialdiakek Euskadiko Ligaren bigarren fasea garaipen batekin hasi zuen. Lehenengo zatia berdindua izan zen, bi taldeek txandaka aurrea hartuz markagailuan. Horrela, atsedenaldira 11-12 iritsi ziren, eibartarren alde. Bigarren zatiaren hasiera txarra izan zen etxekoentzat, kanpokoek 4 goleko aldea lortu baitzuten. Victor Rodriguez urnietarren entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen defentsa berrantolatzeko eta garaipena eskuratzea posible zela gogorarazteko. Eta nahi zuen eragina lortu zuen, partidari buelta eman baitzioten etxekoek eta azkeneko minutuetara 3 goleko aldearekin iritsi ziren. Hala ere, erasoan egindako zenbait akatsek eibartarrak markagailuan hurbiltzea eragin zuten, baina azkenean bi puntuak etxean gelditu ziren (24-23). Garaipen honi esker taldeak gogo handiarekin jokatuko du hurrengo asteko derbia Leizaranen aurka.


Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek berriz 27-30 galdu zuten Eibarko Haritzaren aurka. Partida bigarren zatian erabaki zen, non kanpokoek urnietarrek baino eraginkortasun handiagoa erakutsi zuten. Lehenengo zatian etxekoek aurkaria harritzea lortu zuten defentsa lan handi bati esker, eta atsedenaldira 15-14 iritsi ziren. Hala ere, UKEkoek asteartean jokatutako partidako esfortzua nabaritu zuten eta partidako azken minutuetara ez ziren hain fin iritsi. Hori baliatuz, Eibarrekoek 0-5eko partziala lortu zuten bigarren zatiko 17. minutuan. Dena den, gorritxoak amaieraraino borrokatu zuten eta markagailuko aldea 3 goletara murriztea lortu zuten. Orain, UKEkoak sailkapeneko seigarren postuan dira 22 punturekin, laugarren eta bosgarren sailkatuekin puntuetara berdinduta.

Emakumezkoen Ohorezko mailako Bera Beraren aurkako lagunartekoa ostegunean

Ostegunean 19:15etan Bidebietan UKEko senior mutilek Bera Berako nesken aurka jokatuko dute lagunarteko partida bat. Honen arrazoi nagusia neskek beraien Ligako fase erabakigarrirako prestakuntza osatzea da eta partidak interes handia sortu du zale urnietarren artean.

Bestalde, Urnieta Ñameko infantil mutilek garaipen garrantzitsu bat eskuratu zuten 29-39 Leizaranen aurka. Urnietarrek hasiera ona izan zuten eta 3-13ko partziala ezarri zuten markagailuan. Minutuak aurrera joan ahala, Leizaranek 5 goletara hurbiltzea lortu zuen lehenengo zatia amaitu baino lehenago. Baina bigarren zatia urnietarrek berriro primeran hasi ostean, golen aldea berriro 10ekoa izatea lortu zuten

Gainontzeko emaitzak:
Lehenengo urteko infantil neskak: Ordizia 14 Urnieta Altuna Autobusak 10
Bigarren urteko infantil neskak: Urnieta Kamox 20 Aloña Mendi 21
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 21 Usurbil B 18
Kadete mutilak: Oñati 20 Urnieta Itxaso Arraindegia 27
Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 27 Urola 14
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 23 Bergara 26

 

OTSAILAREN 27-28 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti OTSAILAREN 27-28 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook OTSAILAREN 27-28 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

atras 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 ... 22 | 23 | 24 adelante
Urnietako Kirol Elkartea - Lege oharra