U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano

[25/01/2016] URTARRILAREN 23-24 ASTE BURUKO PARTIDUAK

ESKUBALOIKO BI SENIOR TALDEEK ETXEAN JOKATUKO DUTE

 

Asteburu honetan UKE eskubaloiko bi senior taldeak Udal Kiroldegian ikusteko aukera izango da. Urnieta Balerdi Harategiko mutilak sasoi onean dira eta Zumaiako Pulporen aurka jokatuko dute. Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren jokalariek primeran hasi dute 2016 urtea, Donibane liderraren aurka berdintzea eta Legazpiri bere etxean irabaztea lortu baitzuten. Urteko lehenengo partidua jokatuko dute etxean eta bolada onari jarraipena emateko gogoz dira gorritxoak. Urnietarrak sailkapeneko seigarren postuan dira 14 punturekin eta zumaiarrak berriz, zortzigarren 6 punturekin. Joaneko partidan UKEkoek 18-21 irabazi zuten Zumaian, beraz partida oso interesgarria espero da larunbatean 19:15etan.

 

Bestalde, Urnieta Larrialdiakeko senior neskek 2016ko lehenengo garaipena eskuratu nahi dute larunbatean 17:30etan Lezoko Munttarperen aurka. Victor Rodriguez eta David Belverren neskak Euskadiko Txapelketako bigarren fasean dira.

 

Baina jardunaldia larunbat goizean bertan hasiko da. 10:30etatik aurrera bigarren urteko infantil neskek derbia izango dute Hernaniko nesken aurka. Urnieta Kamoxekoak sailkapeneko bigarren postuan dira eta dagoeneko sailkatuta daude Gipuzkoako Txapelketarako.

 

Jarrian, 12:00etan Urnieta Adarra Aroztegiko kadete nesken txanda izango da eta sailkapeneko laugarren postuan den Oñatiko Aloña Mendi Aren aurka jokatuko dute. Gorritxoak garaipen bakarrekin bederatzigarren postuan dira baina aurreko asteburuan Legazpin irabazteko zorian egon ziren partida on bat jokatu ostean.

 

Arratsaldean, seniorren partidak baino lehenago Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek jokatuko dute 16:00etatik aurrera Bankoa Elgoibarren aurka Gipuzkoako Txapelketako azken jardunaldia. Partida honekin amaiera on bat eman nahi diote Iosu Irigoyenek eta Gorka Vicentek entrenatutako mutilek lehiaketako fase honi.

 

Igande goizean eskubaloi izango da Udal Kiroldegian. 10:00etatik aurrera Eskubaloi Eskolak zenbait partida jokatuko ditu beraien artean, laster hasiko den Eskolen Ligarako prestatzeko asmoz. Jarrian, 12:00etan, Urnieta Guriako jubenil mutilek Arrasateren bisita izango dute.

 

Etxetik kanpo jokatuko duten taldeak ondorengoak dira:

 

Infantil mutilak: Egia - Urnieta Ñam Restaurantes,  igandea 11:00, Egiako kiroldegia.

Infantil neskak (1. urtea): Izaro - Urnieta Altuna Autobusak, igandea 11:45, Legazpiko kiroldegia.

Jubenil neskak: Ordizia - Urnieta Quel Abogados, larunbata 17:30, Ordiziako kiroldegia

URTARRILAREN 23-24 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti URTARRILAREN 23-24 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook URTARRILAREN 23-24 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[18/01/2016] URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO EMAITZAK

 

LEHENENGO TERRITORIALEKO SENIOR MUTILEN GARAIPEN BIKAINA LEGAZPIN

 

Primeran hasi du Lehenengo Territorialeko bigarren itzulia Urnieta Balerdi Harategiak, azkeneko jardunaldietako joko onari jarraipena emanez merezitako garaipena eskuratu baitu Legazpiko Zuauto Katiluren zelai liskartsuan. Gorritxoak, igandean kamiseta urdinarekin, Donibaneren aurka bezala 3-2-1 defentsarekin zelairatu ziren, etxekoen eraso-jokoa oztopatu nahiean. Lortu zuten beraien helburua, atsedenaldira 11-13 markagailuarekin iritsi baitziren.

 

Bigarren zatian aulki urnietarrak defentsa 5-1era aldatzea erabaki zuen eta legazpiarrak markagailua berdintzea lortu arren, UKEkoek amaierara arte borrokatu zuten eta azkeneko minutuetan 0-5eko partziala lortu zuten. Golatzaile urnietarrak: Josu Arruarte (5), Jon Sánchez (4),  Josu Pagola (4), Eneko Urruzola (3), Gorka Urigoitia (3), Gorka Vicente (2), Beñat Senperena (2), Iñaki Ibañez (1), Julen García (1). Nabarmentzekoa atezainen lana, batez ere Iosu Irigoyenena, meritu handiko geldiketak eginez bigarren zatian. Garaipen honekin Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilak sailkapeneko seigarren postuan dira 14 punturekin eta 5 puntuko aldea irekitzea lortu duten hurrengo sailkatuarekin, Andoaingo Leizaran. Hurrengo larunbatean urte berriko lehenengo partida jokatuko dute Zumaiako Pulporen aurka, 19:15etatik aurrera.

 

Porrot gazi-gozoa Urnieta Larrialdiakeko senior neskena Zarautzen, irudi bikaina eskaini baitzuten baina tamalez gorritxoentzako ezin izan zuten markagailuan aurrea hartu partida amaieran. Taldea baja ugarirekin joan zen Zarautzera, baina joan zirenek lan bikaina egin zuten defentsan, baita Amaia Jauregi eta Oihane Sanchez atezainek.

 

Defentsan fin ibili arren, erasoan ez zuten lortzen nahi zuten jokoa. Ondorioz, markagailuan azpitik baina gertu egotea lortu zuten. Hala ere, partidan erabakigarriak izan ziren urnietarrek jasan zituzten hainbat bi minutuko kaleratzeak eta erasoan egindako akatsak. Azkenean 23-22 zarauztarren alde, baina UKEk irudi bikaina utzi zuen.

 

Jardunaldi bikaina talde infantilentzat: mutilek eta bigarren urteko neskek Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzea lortu dute. Urnieta Ñam Restauranteseko mutilek Egia 1 33-21 menderatu zuten eta Urnieta Kamoxeko neskak 7-26 gailendu ziren Zarautzeko Aiala C-ri.

Lehenengo urteko infantil neskek 21-13 menderatu zuten Tolosa baina azkeneko hiru jardunaldietan borrokan jarraitu beharko dute sailkapena lortzeko. Sailkaltzea lortuz gero, UKErentzat une historiko bat biziko litzateke, bere hiru infantil taldeak Gipuzkoako Txapelketan jokatuko lukete eta lehenengo aldiz.

Gainontzeko emaitzak:

Kadete mutilak: Salleko 42 Urnieta Itxaso Arraindegia 36

Kadete neskak: Legazpia 18 Urnieta Adarra Aroztegia 16

Jubenil neskak: Urnieta Que Abogados 27 Eibar 17

Jubenil mutilak: Arrasate 32 Urnieta Guria 26

 

URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[16/01/2016] URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO PARTIDUAK

TALDE INFANTILEK BERRIRO EKINGO DIOTE LEHIAKETARI, GIPUZKOAKO TXAPELKETARAKO SAILKATZEKO AUKERA JOKOAN DUTELARIK

 

UKE eskubaloiko talde infantilek berriro ekingo diote lehiaketari Gabonetako oporren ostean eta klubean oso pozik daude hiru taldeek orain arte erakutsitako joko eta emaitzengatik. Gainera, hiru taldeek Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzeko aukera dute.

 

Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskak hirugarren postuan dira B multzoan eta larunbatean 10:30etatik aurrera zazpigarren postuan den Zarautzeko Aiala Cri egingo diote bisita. Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskak multzo berean daude laugarren postuan eta larunbatean Udal Kiroldegian jokatuko dute 12:00etan sailkapeneko seigarrenaren aurka, Tolosa.

 

Urnieta Ñam Restauranteseko infantil mutilak sailkapeneko laugarren postuan dira eta larunbatean 10:45etan jokatuko dute Urnietan Egia Eskubaloia 1 hirugarren sailkatuaren aurka. Urnietarrek garaipena eskuratuz gero, hirugarren postua eskuratuko lukete.

 

Senior taldeak, etxetik kanpo:

 

Aurreko asteburuan bezalaxe, honetan ere bi senior taldeek etxetik kanpo jokatuko dute bakoitzaren partida. Lehenengo Territorialeko mutilek bigarren itzuliari hasiera emango diote igandean 12:00etan Zuauto Katiluren aurka. Urnieta Balerdi Harategikoek jarraipena eman nahi diote aurreko asteburuan Donibane liderraren etxean erakutsitako joko onari. Gainera, senior mutilek baino lehenago Urnieta Adarra Aroztegiko kadete neskek jokatuko dute Legazpian, 10:30etan hain zuzen, eta klubak autobusa antolatu du bi taldeak bertara eramateko. Nahi duten zaleek ere autobusean joan daitezke bi taldeekin batera.

 

Urnieta Larrialdiakeko senior neskek Zarautzen jokatuko dute Aiala Bren aurka larunbatean 13:00ean. Jokalari gutxirekin joango dira partidura urnietarrak, aurreko asteburuan Cristina Urdangarinek izandako lesioak taldean baja kopurua handitu baitu. Gainera, ezin izango dute jubenilekin kontatu partidarako, egun berean jokatuko baitute.

 

Larunbatean 10:15etan Loiolako La Sallen jokatuko dute Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek Saiekoren aurka. Aurreko asteburuan jaso zituzten porroten ostean Gipuzkoako Txapelketa irabazteko aukerarik gabe gelditu dira baina honek ezin du lausotu taldea egiten ari den denboraldi bikaina.

 

Larunbat arratsaldean partidu bakarra egongo da Udal Kiroldegian. Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Eibarren aurka jokatuko dute 18:30etan. Andoni Ruizek entrenatutako neskak Gipuzkoako zazpigarren gelditzeko lehian daude eta amaitzeko bi jardunaldi falta direla, postu horretan mantentzen dira.

 

Urnieta Guriako jubenil mutilek larunbatean 16:00etan jokatuko dute Arrasateren aurka Iturripe kiroldegian.

 

URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook URTARRILAREN 16-17 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[11/01/2016] URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO EMAITZAK

SENIOR MUTILEK PUNTU BAT ESKURATU ZUTEN LIDERRAREN ETXEAN PARTIDU ON BAT JOKATUTA

 

Lehenengo Territorialeko Urnieta Balerdi Harategiak ezin hobeto hasi zuen urtea: partida on bat jokatu zuen larunbat eguerdian Pasaian Ligako Donibane liderraren aurka. Partida zaila zen, ordura arte Donibanek lehenengo itzuliko partida guztiak irabazi baitzituen, baina gorritxoak partida lehiatzeko asmo osoz atera ziren zelaira. Aurkariaren erasoa zaildu zuen 3-2-1 defentsarekin eta erasoan eraginkortasun handia erakutsiz, lehenengo zatian urnietarrak aurretik izan ziren markagailuan, atsedenaldira 18-21 emaitzarekin iritsiz. Bigarren zatian etxekoek erreakzionatu eta markagailuari buelta ematea lortu zuten baina Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek ez zuten amore eman eta azken unean partida berdintzea lortu zuten. Nabarmentzekoa talde guztiak egindako lan fisikoa, Josu Arruarte eta Eneko Urruzola lateralen partida erasoan (12 eta 7 gol, hurrenez hurren) eta Victor Rodriguezen geldiketa erakustaldia atepean, une erabakigarrietan geldiketak eginez. Azken finean, urte hasiera bikaina UKEkoentzat eta hurrengo partidak sailkapeneko azkeneko postuetan diren taldeen aurka izango dituzte; beraz, ezinbestekoa izango da hauek irabaztea lehenbailehen mailari eusteko helburua lortzeko. Ligako lehenengo itzulia sailkapeneko seigarren postuan amaitu dute urnietarrek, 12 punturekin.

 

Urnieta Larrialdiak Fundazioko senior neskek ez zuten zorte bera izan igandean Usurbilen jokatutako partidan. Hauek ere Ligako lehenengo itzuliari amaiera eman zioten sailkapeneko lehenengo postuan dagoen talde usurbildarraren aurka. Partida hasiera ona izan zen UKEkoen aldetik, defentsan presio handia eginez eta etxekoen eraso-jokoa oztopatuz. Erasoan berriz, zailtasunekin bazen ere, gola eskuratzeko jaurtiketa argiak lortu zituzten. Atsedenaldira 16-8 markagailuarekin iritsi ziren, baina gorritxoek sentsazio onak zituzten. Bigarren zatian nekeak eragina izan zuen urnietarrengan eta Usurbilek erritmo altuago batekin jokatu zuen. Ondorioz, partida 38-15 markagailuarekin amaitu zen, baina sentsazio onak utziz urnietarrengan, partidan zehar lehiakorrak izan baitziren liderraren aurka. Hala ere, partidak albiste txar bat utzi zuen: Cristina Urdangarinen belauneko lesioa, oraindik honen larritasuna zein den jakin gabe.


Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilak, Gipuzkoako Txapelketaren amaiera faseko jardunaldi bikoitzarekin hasi zuten 2016 urtea. Hauek ere ez zuten zortea beraien alde izan eta bi partidak galdu zituzten. Larunbatean Elgoibarren bisita izan zuten eta honek partida guztian zehar UKE baino talde hobea zela erakutsi zuen, bai erasoan zein defentsan urnietarrak baino gehiago izan baitziren. Partida 33-39 amaitu zen elgoibartarren alde.

Igandean jokatutako bigarren partidan Bidasoa Irunen bisita izan zuten eta partida hau larunbatekoa baino orekatuagoa izan zen, baina defentsako arazoak berriro azaleratu ziren. Hala ere, oso inspiratua azaldu zen Imanol Pagola atezaina, meritu handiko geldiketak eginez. Lehenengo zatia irundarrentzako izan zen arren, bigarrenean Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilek markagailuari buelta eman eta aurretik jartzea lortu zuten beti ere abantaila minimoekin. Horrek eta partidako azkeneko erasoan egindako akatsek Bidasoakoek 27-28 emaitzarekin partida irabaztea ahalbidetu zuen. Aipatzekoa Joseba Errazkinek bi partidetan izan zuen partaidetza, Almerian jokatutako Espainiako Txapelketatik iritsi berria zela bere taldea laguntzen saiatu baitzen. Dena den, ezin izan zuen bere maila onenean jokatu, ez baitzuen ia atsedenik izan Euskadirekin jokatutako partiden ostean.

 

Jardunaldiko gainontzeko emaitzak:

 

Jubenil mutilak: Eibar 43 Urnieta Guria 20

Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 29 Urola 20

Kadete neskak: Leizaran 19 Urnieta Adarra Aroztegia 15

 

URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[08/01/2016] URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO PARTIDUAK

GABONETAKO OPORREN OSTEAN ESKUBALOI LEHIAKETA ITZULIKO DA

 

 

UKEko eskubaloi saileko talde gehienak, infantilak izan ezik, asteburu honetan berriro ekingo diote lehiaketari.

 

Bi senior taldeek jardunaldi zaila izango dute asteburu honetan: etxetik kanpo jokatuko dute eta bakoitzak beraien ligan lehenengo postuan dagoen taldearen aurka jokatuko dute. Urnieta Balerdi Harategiko mutilek Lehenengo Territorialeko liderra den Donibaneri egingo diote bisita larunbatean eguerdiko 12etan. Partida benetan zaila izango da, pasaitarrek orain arte jokatutako partida guztiak irabazi baitituzte, baina gorritxoek partida lehiatzeko asmoarekin doaz eta zergatik ez, emaitza positibo bat lortu nahiean.

 

Urnieta Larrialdiakeko neskek Usurbili egingo diote bisita igandean 11:30etan. Usurbildarrek ere orain arte jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. Hala ere, talde urnietar gazteak partida lehiatzeko asmo guztiarekin joango da Usurbilera.

 

Urnieta Adarra Aroztegiko kadete neskek derbiarekin hasiko dute 2016a, larunbatean 11:30etan jokatuko baitute Leizaranen aurka Allurralde kiroldegian.

 

Hasiera gogorrena Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek dute, berriro ere jardunaldi bikoitza edukiko baitute. Bi partidak etxean jokatuko ditu zaleen aurrean, lehenengoa larunbatean 16:00etan DECA Elgoibar liderraren aurka eta bigarrena igandean 12:00etan Bidasoa Irunen aurka. Azkeneko partidarako Iosu Irigoyen eta Gorka Vicente entrenatzaileek Joseba Errazkinekin kontatzea espero dute, azkeneko egunetan Almerian izan baita Euskadirekin Espainiako Txapelketa jokatzen.

 

Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Zumarragako Urolaren bisita izango dute larunbat honetan. Partida 12:00etan hasiko da Udal Kiroldegian.

 

Urnieta Guriako jubenil mutilek Eibarren aurka jokatuko dute 16:00etan Ipuruako kiroldegian.

URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[02/01/2016] GABONETAKO ESKUBALOI KANPUSA

PARTE-HARTZE ARRAKASTATSUA GABONETAKO ESKUBALOI KANPUSEAN

Aurten ere UKEko eskubaloi sailak benjamin eta alebinentzako Gabonetako eskubaloi kanpusa antolatu du. Umeek hiru egunez eskubaloiaz gozatzeko aukera izan dute, giro ederrean burututako ariketa eta partiduei esker. Kanpusa klubeko teknikari eta jokalariek antolatu dute eta guztira 43 alebin eta 15 bejamin izan dira parte hartu dutenak, neskak zein mutilak. Ume guztiek oroigarri bat jaso dute kanpusean parte hartzeagatik.

 

GABONETAKO ESKUBALOI KANPUSA - Compartir en Tuenti GABONETAKO ESKUBALOI KANPUSA - Compartir en Facebook GABONETAKO ESKUBALOI KANPUSA - Compartir en Tweeter

[29/12/2015] GABONETAKO TXAPELKETA ARRAKASTATSUA

VIII. GABONETAKO ESKUBALOI TXAPELKETA ARRAKASTATSUA

 

UKEko infantil mutilak beraien mailako irabazleak izan ziren

 

Aurreko larunbatean Urnieta K.E.-ko eskubaloi sailak antolatutako VIII. Gabonetako Eskubaloi Txapelketa ospatu zen herrian, infantil eta kadete mailetako jokalarientzako.

 

200 neska-mutil baino gehiago izan ziren eskubaloiaz gozatu ahal izan zutenak. Urnietarrez gain, Orioko Ikastola, Ereintza, Zarautz, Eibar Eskubaloia, Leizaran, Usurbil eta Zumaiako Pulpok parte hartu zuten. Partidak egun guztian zehar ospatu ziren Udal frontoiean eta kiroldegian eta parte hartzaileentzako bazkaria Egape Ikastolan antolatu zen.

 

Infantil nesken mailan Errenteriako Ereintza izan zen txapelduna. Infantil mutiletan berriz, irabazlea Urnieta B herriko taldea izan zen, azkeneko partidan garaile izan baitzen Urnietako beste taldearen aurka. Kadeteen mailan, neska zein mutiletan irabazlea Eibar Eskubaloia izan zen.

 

 

Txapelketa amaitzeko, nesken Ohorezko mailako Zarautzeko Aialaren eta Euskadiko jubenil nesken arteko partida jokatu zen. Udal Kiroldegiko harmailak bete zituzten zaleek partida orekatu eta erritmo handikoa ikusi ahal izan zuten. Lehenengo zatia Euskadiko jubenilentzat izan zen arren, bigarrenean Aialako jokalariek beraien esperientzia baliatu zuten garaipena eskuratzeko.

 

 

 

Gabonetako saskiaren zozketa

 

Aiala eta Euskadiren arteko partidaren atsedenaldian Gabonetako saskiaren zozketa egin zen. Zenbaki saritua 1446 izan zen eta zenbakiaren jabea bertan ez zegoenez, jar dadila kontaktuan lehenbailehen UKErekin 637 240 936 telefono zenbakiaren bitartez.

 

Hortaz, eskubaloi jardunaldi bikaina larunbatean bizi ahal izan zena eta 2015 urteari agur esateko balio izan zuena. UKEk eskerrak eman nahi die bai parte hartzaileei zein txapelketaren antolakuntzan parte hartu zuten jokalari, entrenatzaile eta zuzendariei; baita txapelketaren kolaboratzaile eta babesleei.

GABONETAKO TXAPELKETA ARRAKASTATSUA - Compartir en Tuenti GABONETAKO TXAPELKETA ARRAKASTATSUA - Compartir en Facebook GABONETAKO TXAPELKETA ARRAKASTATSUA - Compartir en Tweeter

atras 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 ... 22 | 23 | 24 adelante
Urnietako Kirol Elkartea - Lege oharra