U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano

[22/04/2016] APIRILAK 23-24 ASTEBURUKO PARTIDUAK

UKE ESKUBALOIKO ZENBAIT TALDEK BERAIEN MULTZOKO LEHENENGO POSTUAGATIK LEHIATUKO DUTE ASTEBURU HONETAN
 
Larunbatean hasiko den jardunaldia oso garrantzitsua izango da UKEko jubenil neskentzat eta infantil eta kadete mutilentzat, lehiaketa irabazteko lehenengo postua eskuratzeko aukera baitaukate.
 
Udal Kiroldegian jokatuko den lehenengo partida larunbatean 12:00etan izango da. Ordu horretan, Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskek Oriokoren bisita izango dute. Carlos Fierro eta Xabat Salaberriaren neskak laugarren postuan dira Gipuzkoako Txapelketako multzoetako batean eta, oriotarrak berriz, bosgarren, urnietarrengandik bi puntura.
 
Arratsaldean, 17:00etan, Urnieta Adarra Aroztegiko kadete nesken txanda izango da Ereintza Bren aurka.
 
Igandean berriz, jardunaldiko plater nagusienetako bat: Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 11:30etan jokatuko dute Amenabarren aurka. Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilak, bi jardunaldiren faltan, Tolosa liderrarekin 10 puntura berdinduta daude eta ezin dute huts egin lehenengo postua eskuratzeko aukerak izaten jarraitzeko.
 
Gainontzeko taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Horrela, Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek larunbatean 9:00etan jokatuko dute Aiala Dren aurka Zarautzen.
 
Bestalde, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek Gipuzkoako Txapelketako beraien multzoko lehenengo postua jokan dute, Tolosa liderraren aurka jokatuko baitute. Neurketa garrantzitsua Usabalen 9:30etan jokatuko dena.
 
Jubenil taldeek ere etxetik kanpo jokatuko dute. Urnieta Guriako mutilek Bergararen aurka izango dute partida 13:00etatik aurrera. Neskek berriz, Foru Aldundiaren Txapelketako lehenengo postua defendatu beharko dute Zumarragan Urolaren aurka 18:00etatik aurrera.
 
Azkenik, senior mutilek atsedena izango dute Maiatzaren 8a arte, aurreko asteburuan Liga amaitu baitzuten.
 
APIRILAK 23-24 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti APIRILAK 23-24 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook APIRILAK 23-24 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[18/04/2016] APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO EMAITZAK

URNIETA BALERDI HARATEGIAREN PARTIDA KAXKARRA DONIBANE TXAPELDUNAREN AURKA
 
UKEko senior mutilek Lehenengo Territorialeko txapeldun izan den Pasaiako Donibaneren aurka jokatu zuten. Partida hasi baino lehenago talde urnietarrak ohorezko harrera egin zion talde pasaitarrari.
 
Gorritxoek Ligari amaiera on bat eman nahi zioten baina ez zuten ondo hasi partida, baloi asko galduz eta jaurtiketa hutsegite asko eginez erasoan. Horrela, Donibanek berehala hartu zuen aurre markagailuan eta atsedenaldira 6-19 iritsi ziren kanpokoen alde. Bigarren zatian urnietarrek zenbait aldaketa taktiko egin zituzten eta bi piboterekin jokatuz erasoan aukera gehiago izan zituzten pasaitarren 6:0 defentsa gainditzeko. Bigarren zatiko partziala irabazi arren (14-13), kanpokoek abantaila handiegia eskuratu zuten lehenengo zatian eta amaierako emaitza 20-32 izan zen. Etxekoen jokalari onena Beñat Senperena izan zen, 9 golekin. Hortaz, partida kaxkarra Liga txapelketa on bat amaitzeko, denboraldi hasierako helburua soberan lortzeaz gain, azken 9 urtetan UKEk Lehenengo Territorialean eskuratu duen postu onena lortu dute. Orain datorren asteburuan bertan hasiko den Kopari ekingo diote gorritxoek eta lan polita egiteko gogoz daude.
 
Bestalde, Urnieta Larrialdiakeko senior neskek bi partida jokatu zituzten Bilboko La Salleren aurka, 2015-2016ko Euskadiko Ligari amaiera emateko. Bi partidak oso desberdinak izan ziren eta biak kontuan edukita, urnietarrak garaile izan ziren.
Larunbatean UKEkoek gol bakarrarengatik galdu zuten Bilbon. Hasieratik amaieraraino partida parekatua izan zen arren, bi taldeek hutsegite ugari egin zituzten erasoan. Bizkaitarrek alde zuten 3 goleko errenta ezerezean utzi ondoren, azken 10 minutuetan etxeko taldeak gehiago asmatu zuen jaurtiketetan eta partida gol bakarrarengatik eskuratu zuten (18-17). Markagailu horrekin, kanporaketak erabat irekita jarraitzen zuen igandeko partidan erabakitzeko.
 
Bigarren partidaren hasiera ez zen ona izan Victor Rodriguezen neskentzat, defentsan ahul jardun baitziren eta kanpokoek gola errazegi eskuratzen zuten. Baina pixkanaka urnietarrek defentsan erritmoa handitu zuten eta atsedenaldirako markagailuan aurretik ziren (11-6). Bigarren zatia berriz, askoz ere erosoagoa izan zen etxekoentzat eta 10 goleko errenta iristera iritsi ziren arren, azkenean 4 golengatik irabazi zuten (17-13).
Hortaz, partida bikaina denboraldi gogor eta zail bati amaiera emateko, taldeak lesio ugari jasan baititu. Horregatik, hurrengo denboraldirako orain lesionatuta daudenak ahalik eta azkarren errekuperatzea espero da. Bestalde, seniorren taldeak eskerrak eman nahi dizkio jubenilei urte guztian zehar eskainitako laguntza handiagatik.
 
 
Kadete mutilen garaipena Ormaiztegin.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 23-29 irabazi zuten igande goizean Ormaiztegin. Partida hasiera parekatu baten ostean, UKEkoek bigarren zati hasieran partida apurtzea lortu 6 goleko errenta eskuratu eta primeran kudeatu zuten abantaila hori amaieraraino. Garaipen honekin Foru Aldundiko Txapelketako bigarren postuan dira, Tolosa liderrarengandik bi puntura, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.
 
Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek garaipena eskuratu zuten (34-31) Andoaineko Leizaranen aurka jokatutako derbian. Partida bikain bat egin gabe, batez ere defentsan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek erasoan duten kalitateari esker gailendu ziren urnietarrak. Garaipen honi esker bigarren postuan jarraitzen dute, hurrengo astean aurka jokatuko duten Tolosa liderrarengandik bi puntura.
 
 
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Eskubaloi Eskola: Saieko 20 Urnieta 19.
Lehenengo urteko infantil neskak: Urnieta Altuna Autobusak 21 Ordizia 7
Bigarren urteko infantil neskak: Aloña Mendi 15 Urnieta Kamox 12
Kadete neskak: Leizaran 21 Urnieta Adarra Aroztegia 17
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 27 Arrasate 25
Jubenil neskak: Eibar Eskubaloia 26 Urnieta Quel Abogados 28
 
APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[14/04/2016] APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO PARTIDUAK

SENIOR MUTILEK DONIBANE TXAPELDUNAREN BISITA IZANGO DUTE LIGAKO AZKEN JARDUNALDIAN
 
 
Larunbat arratsaldean, 19:00etan, Urnieta Balerdi Harategiak Udal Kiroldegian jokatuko du Donibaneren aurka. Bi taldeek dagoeneko lortu dituzte beraien helburuak: pasaitarrak dagoeneko Gipuzkoako Ligako txapeldun dira eta urnietarrek kategoria mantentzea lortu dute. Hala ere gorritxoak txapeldunari irabazten saiatuko dira, Donibanen jokatutako joaneko partidan berdintzea lortu baitzuten eta zelai horretan punturen bat eskuratzea lortu duen talde bakarra izan da. Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek seigarren postuan amaituko dute 12 taldek osatzen duten Ligan eta hurrengo asteburuan Kopari ekingo diote.
 
Urnieta Larrialdiakeko senior neskek berriz, bi partida jokatuko dituzte asteburu honetan Bilboko La Salleren aurka  Euskadiko Ligako txapelketari agur esateko. Larunbatean 16:30etan jokatuko dute Bilbon eta igandean 12:00etan bizkaitarrek egingo diote bisita UKEkoei.
 
Baina eskubaloi jardunaldia larunbat goizean hasiko da urnietarrentzat bi partida jokatuz Udal Kiroldegian. Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek sailkapenean bi puntura daukaten Ordiziaren aurka jokatuko dute 11:30etan.
 
Jarraian, 12:45etan, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek derbia jokatuko dute sailkapenean bost puntu azpitik duten Leizaran Aren aurka. 
 
Arratsaldean, senior mutilen partida baino lehenago Urnieta Guriako jubenil mutilek 16:45etan jokatuko dute Arrasateren aurka Federazio Txapelketari dagokion partida.
 
Gainontzeko taldeek etxetik kanpo jokatuko dute:
 
Bigarren urteko infantil neskak: Aloña Mendi - Urnieta Kamox. Larunbatean 12:00etan Oñatin.
Kadete neskak: Leizaran - Urnieta Adarra Aroztegia. Larunbatean 12:00etan Andoainen.
Kadete mutilak: Ormaiztegi - Urnieta Itxaso Arraindegia. Igandean 11:30etan Ormaiztegin.
Jubenil neskak: Eibar - Urnieta Quel Abogados. Larunbatean 17:30etan Eibarren.
Eskolen Liga: Saieko - Urnieta. Igandean 9:30etan Donostiako La Sallen.
 
APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[11/04/2016] APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO EMAITZAK

Lehenengo Territorialeko Urnieta Balerdi Harategiak Amenabar menderatu zuen bi aurpegi erakutsi zituen partidan
 
UKE eskubaloiko senior mutilek  32-35 irabazi zuten partida arraro batean, non lehenengo zatian aurkariak baino joko maila askoz hobea erakutsi zuten bai defentsan zein erasoan. Horren froga nagusia markagailuak atsedenaldian erakusten zuen 8-20ko emaitza zen. Baina bigarren zatian Amenabarrek partidari beste erritmo bat ematea erabaki zuen, defentsa-eraso trantsizio azkarrak eginez eta urnietarrei ezustean harrapatuz, hauek ordua eskatuz amaitu zutelarik partida baina jokoan ziren bi puntuak eskuratuz. Ez zuten sentsazio onekin amaitu UKEkoek, lehenengo zatian erakutsitako joko onak ez baitzuen jarraipenik izan bigarren zatian. Aipatzeko Beñat Senperenaren nogehiagoka 15 golekin. Datorren asteburuan Ligako azken jardunaldia jokatuko dute Donibane liderraren aurka. Pasaitarrek bi puntuak eskuratu behar dituzte Ligako titulua eskuratu ahal izateko, baina gorritxoek partida ahalik eta zailen ipintzen saiatuko dira, joaneko partidan Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek berdinketa baliotsu lortu baitzuten.
 
 
Senior neskek gehiegizko zigorra izan zuten Urdulizen jokatu zuten partidan, denboraldi honetan urrutien jokatu dutena, hain zuzen. Momentu txarrean iritsi zitzaien Euskadiko Ligako D multzoko azken partida, baina aurtengo denboraldian jubenilek taldeari ematen ari diren laguntzari esker partidari aurre egin ahal izan zioten, jokalari gutxirekin bazen ere.
Urnieta Larrialdiakekoak ondo ekin zioten partidari, defentsan sendo eta erasoan eraginkor, tarteka markagailuan aurrea hartuz. Baina lehenengo zatiaren amaieran, zenbait baloi-galeren ondorioz, etxekoek 5 goleko errenta eskuratu zuten, atsedenaldira 14-9 iritsiz. Golen diferentzia horrek eta 9 jokalari urnietar bakarrik izanda bazirudien abantaila hori erabakigarria izango zela, baina bigarren zati hasiera bikain bati esker Victor Rodriguezen neskek gol batera hurbildu ziren (14-13, 10. minutuan) eta berriro partidan sartu ziren. Baina urnietarren nekeak eta zenbait baloi-galerek etxekoek erreakzionatzea eragin zuen eta pixkanaka markagailuan aldentzea lortu zuten, azkenean 28-16ko emaitza lortuz bizkaitarren alde.
 
Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ari diren hiru talde infantilek ez zuten zorte handiegirik izan eta beraien partidak galdu zituzten.
 
Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek 27-24 galdu zuten Zumarragako Urolari egindako bisitan. Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskek ere galdu egin zuten Elgoibarren aurka, 16-21, eta Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek 25-19 galdu zuten Irunen Bidasoaren aurka. Azken hauek partida hasiera kaxkarra izan zuten defentsan eta irundarrek 9-2ko aldea lortu zuten 10. minutuan. Baina pixkanaka Kontxi Estevezen neskak hobetzen joan ziren eta atsedenaldirako 14-11 hurbiltzea lortu zuten. Bigarren zatia onena izan zen, bai defentsan zein erasoan, baina jaurtiketa dezente huts egin zituztenez Irunekoek berriro ere markagailuan aldentzea lortu zuten, azkenean 25-19ko emaitzara iritsiz.
 
Bestalde, Eskubaloi Eskolak lagunarteko partida entretenigarri bat jokatu zuen bere kideen artean, hurrengo igandean Eskolen Ligaren barruan Donostian Saiekoren aurka jokatuko duten partidari begira. 
 
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
Kadete mutilak: Urnieta Itxaso Arraindegia 29 Ereintza 20
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 19 Aiala B 28
Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 27 Zuri Zuri 25
Jubenil mutilak: Automóviles Zarautz 29 Urnieta Guria 25
 
 
APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tuenti APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Facebook APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO EMAITZAK - Compartir en Tweeter

[07/04/2016] APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO PARTIDUAK

ESKUBALOI TALDE GUZTIEK BERRIRO EKINGO DIOTE LEHIAKETARI
 
 
Aste Santuko geldialdiaren ostean, asteburu honetan UKE eskubaloiko talde guztiek berriro ekingo diote lehiaketari. Larunbatean eta igandean zehar bost partida ikusi ahal izango dira Udal Kiroldegian baina horien artean ez dira senior taldeak egongo.
 
Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek Ligako azken bi jardunaldiak jokatuko dituzte hurrengo denboraldian Lehenengo Territorialean jokatuko dutela jakinda. Azkeneko bi partidak galtzeak, Egia eta Urolaren aurka, sailkapenean gora egitea galarazi zienez, denbora luzez egon diren seigarren postuan jarraitzen dute urnietarrek. Asteburu honetan Zarautzeko Amenabarren aurka jokatuko dute, hamargarren sailkatua, larunbatean 13:00etan Zarautzeko kiroldegian. Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek jokoan diren azken 4 puntuak eskuratu nahi dituzte denboraldi on bat borobiltzeko.
 
Urnieta Larrialdiakeko senior neskek lurralde bizkaitarrera bidaiatuko dute, Urdulizera hain zuzen, bertako taldearen aurka jokatzeko igandean 12:45etan. Victor Rodriguezen neskek D multzoko liderren aurka jokatuko dute, non gorritxoak laugarren diren.
 
Etxean jokatuko diren partidak:
 
Etxean jokatuko den lehenengo partida Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskena izango da, larunbatean 12:00etan beraien multzoko liderra den Elgoibar 1en aurka.
 
Arratsaldean berriz, 17:30etan, Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilen txanda izango da eta Errenteriako Ereintza Bren aurka jokatuko dute.
 
Igande goizean berriz, hiru partida jokatuko dira Udal Kiroldegian. Goizeko 9:15etan Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Zuri Zuriren aurka jokatuko dute. Jarraian, 10:30etan Urnieta Adarra Aroztegiko kadete neskek Zarautzeko Aiala Bren aurka jokatuko dute eta azkenik, 12:00etan, Eskubaloi Eskolak entrenamendu-partida bat izango du.
 
Etxetik kanpo jokatuko diren partidak: 
 
Lehenago aipatutako senior taldeez gain, UKEko talde gehiagok partidak jokatu behar dituzte etxetik kanpo. Horrela, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek Zumarragako Urolari egingo diote bisita larunbatean 12:15etan. Bestalde, Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek Bidasoa Aren aurka jokatuko dute larunbatean 12:45etan Uranzu pilotalekuan.
 
Azkenik, Urnieta Guriako jubenil mutilek igandean 10:45etan Zarautz Automovilesen aurka jokatuko dute Antoniano kiroldegian.
 
APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tuenti APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Facebook APIRILAK 9-10 ASTEBURUKO PARTIDUAK - Compartir en Tweeter

[05/04/2016] 2016ko ASTE SANTUKO KANPUSA

ASTE SANTUKO ESKUBALOI KANPUSAK PARTE HARTZE ARRAKASTATSUA IZAN ZUEN

Aurreko astean, beste urte batez UKEko eskubaloi sailak Aste Santuko eskubaloi kanpusa antolatu zuen benjamin eta alebin kategorietako umeentzat. 35 neska-mutilek giro ezin hobean eskubaloia ezagutu eta gozatu ahal izan dute hiru egunez. Kanpusa UKEko entrenatzaileek zuzendu dute eta klubeko zenbait jokalariren laguntza izan dute. Kanpusaren helburua parte hartzaileek beraien oporretan eskubaloira gerturatzea izan da. Gainera, azken egunean partaide guztiek opari bat jaso zuten.

 

2016ko ASTE SANTUKO KANPUSA - Compartir en Tuenti 2016ko ASTE SANTUKO KANPUSA - Compartir en Facebook 2016ko ASTE SANTUKO KANPUSA - Compartir en Tweeter

[30/03/2016] 2016ko ANDEBOLMANIA

ESKUBALOI SEKZIOAREN HIRUGARREN PARTE HARTZEA ANDEBOLMANIAKO NAZIOARTEKO TXAPELKETAN

 

Urnietako eskubaloiaren hirugarren parte hartzea Andebolmaniako txapelketan arrakastatsua izan da bai antolakuntzan bai kirolean. Txapelketa San Joao Da Madeirako ADS taldeak antolatzen du, non 120 talde eta Penintsula Iberika, Madeira eta Frantziako 1700 jokalari elkartu ziren.

 

200 Urnietar baino gehiago joan ziren, jokalariak, entrenatzaileak eta laguntzaileak, non ederki pasa zuten txapelketako 4 egunetan zehar. Aurten ere Urnietako taldeetaz aparte Hernani Eskubaloi Taldeko bi talde joan ziren Andebolmaniako txapelketaz gozatzera.

 

Urnieta K.E.-ko espedizioak sei taldeekin hartu zuten parte, infantilak, kadeteak eta jubenilak, non neskak eta mutilak jokatu zuten.

 

Kiroltasunean kadete mutilak eta infantil neskak izan ziren nabarmenenak, non laugarren postu zoragarriak lortu zituzten beraien kategorietan, 25 talde eta 11 taldeekin hartu zuten parte. Kadeteen kasuan final erdietan galdu zuten Portugaleko Aguasantasen aurka, non txapelketa beraiek eraman zuten. Infantil neskak Leganes A-ren aurka galdu zuten final erdietan, finaleko garailea ere.

 

Infantil mutilak indarrarekin hasi ziren, lehenengo hiru norgehiagokak irabazten eta azkeneko bi norgehiagokak galdu egin zituzten, baina zortzigarren postu ona lortu zuten 20 taldeetatik.

Kadete neskak eta Jubenil neskak bederatzigarren tokian amaitu zuten sailkapena 12 taldeetatik, norgehiagoka guztiak borrokatuz eta joku polita utziaz konpromisu bakoitzean

Jubenil mutilak talde justu batekin, hamalaugarren tokian sailkatzea lortu zuten 22 taldeetatik, garaipen zoragarri batzuk lortu zituzten.


Balorazio oso positiboa eman zaio eskubaloi sekziotik Andebolmaniako hirugarren parte hartze honi, non taldeen errendimendua hobetu den eta garrantzitsuena,eta helburuak gozatu, ikasi eta elkarbizitza ederki bete dira. Eskubaloiko sekziotik gurasoen taldea nahi dute bereziki eskertu, non hilabeteak dabiltzan lanean bidai hau ondo ateratzeko. Eskertu beharrekoa ere entrenatzaileen lana, ez kiroltasunean bakarrik baita jokalariekin pasatutako ordu guztiak egun hauetan zehar. UKE-koak nekatuta iritsi ziren, baina hurrengo urterako egunak kontatzen ari dira berriz ere errepikatzeko.

2016ko ANDEBOLMANIA - Compartir en Tuenti 2016ko ANDEBOLMANIA - Compartir en Facebook 2016ko ANDEBOLMANIA - Compartir en Tweeter

atras 1 | 2 | 3 | 4 | 5 ... 22 | 23 | 24 adelante
Urnietako Kirol Elkartea - Lege oharra