U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano

Street Handball txapelketa

 

UKEko eskubaloi saila zenbait jarduera antolatzen dabil denboraldiari amaiera emateko. Ospatuko den lehenengoa Street Handball txapelketa izango da, ekainaren 16 eta 17an hain zuzen. Txapelketa honen bigarren edizioa alebin, infantil eta kadete neska zein mutilei zuzendua dago, eskubaloi jokalariak izan edo ez. Txapelketako partidak bi egunetan ospatuko dira 17:00ak eta 21:00ak artean.

Antolatzaileek lehengo urteko parte-hartze arrakasta lortzea espero dute. Txapelketan parte hartzeko, 5 jokalariko taldeak osatu beharko dira eta aldez aurretik izena eman dezakete eskubaloiakom@urnietake.org helbide elektronikora mezu bat edo 625 384 670 telefono zenbakira Whatsappa bidaliz. Txapelketako lehenengo egunean, ekainaren 16an, izena eman ahal izango dute Plazido Mujika plazan 17:00ak baino lehenago. Talde mixtoek aldeko gol-errentarekin hasiko dituzte partidak.

 

Denboraldi amaierako afaria

 

Denboraldiari amaiera ofiziala emateko, eskubaloi saila osatzen duten guztiak hurrengo larunbatean, ekainak 18, Oianume Jatetxean elkartuko dira denboraldi amaierako afaria ospatzeko. Bertara jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta gurasoak joango dira eta denboraldiko zenbait bideo ikusi ahal izango dira. Bestelako sorpresak ere espero dira.

 
ESKUBALOIKO SENIOR MUTILEK DENBORALDIARI AMAIERA EMAN ZIOTEN MUNTTARPEREN AURKA IRABAZIZ
 
Urnieta Balerdi Harategikoek ez zuten huts egin eta bere zaleen aurrean denboraldiari amaiera eman zioten Lezoko Munttarperen aurka landutako garaipena eskuratuz. Lezokoek defentsa irekiarekin hasi zuten partida, urnietarren eraso-jokoa oztopatuz, baina etxekoen aulkiak hutsarte baten ostean eraso-jokoa hobetu eta UKEkoek atsedenaldirako 5 goleko errenta eskuratu zuten (17-12).
 
 
Atsdenaldiaren ostean, kanpokoek ez zuten amore eman eta urnietarrek zenbait jaurtiketa huts egin zituztenez, markagailuan hurbildu ziren. Hala ere, Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilak ez ziren urduri jarri eta Iosu Irigoyen atezainaren geldiketez gain, talde osoaren lanari esker Lezokoek azken minutuetan defentsan egindako “pressing”-a gainditu zuten, bukaerako emaitza 28-25 izanik etxekoek alde. Goleatzaile urnietarrak: Beñat Senperena (10), Josu Arruarte (4), Xabat Salaberria (4), John Sánchez (3), Josu Pagola (3), Eneko Urruzola (2) eta Gorka Vicente (2).
 
Azken garaipen honekin, UKEko lehenengo taldeak denboraldi txukun bati amaiera eman zion. Aipatu beharra dago taldea azken unean deitua izan zela Lehenengo Territorialean jokatzeko eta 12 taldek osatutako Ligan seigarren postua eskuratu izanagatik, beste hurrengo denboraldian ere maila berean jokatuko dute. Kopan berriz, hiru partidetatik bi irabazi zituzten, partida bakarra finala jokatuko duen Egiaren aurka hiru golengatik galduz.
 
 
Taldeak ekaina erdialdera arte entrenatzen jarraituko duen arren, orain atseden hartzea eta hurrengo denboraldia prestatzea dagokie klubeko arduradunei.
 
La Escuela también disputó el último encuentro de Liga
 
Bestalde, Eskubaloi Eskolak Eskolen Liga amaitu zuen igande goizean Tolosaren aurka Usabal Kiroldegian jokatutako partidarekin. 22-9 galdu arren, eskubaloi saileko txikienek ez zuten amore eman eta partida guztian zehar lehiatu zuten inguruko Eskubaloi Eskola indartsuenetako baten aurka.
 
 
INFANTIL MUTILEK FINALARIK GABE PULPOREN AURKA GALDU OSTEAN
 
Larunbat goizean Usurbilen partida zirraragarria jokatu zuten UKE eskubaloiko infantil mutilek, bertan Gipuzkoako Txapelketako finalerako postu bat baitzegoen jokoan. Zale gorritxoez betetako harmailekin, partida Zumaiakoen alde hasi zen baina atsedenaldira iristeko minutu batzuk falta zirenean Urnieta Ñam Restaurantekoak defentsan sendoago ibili eta markagailuan aurrea hartu zuten (10-9 lehenengo zatiaren amaieran).
 
Bigarren zatiko 10. minuturako urnietarrek bi goleko errenta eskuratu zuten baina jarraian, jokalari bat gutxiagorekin gelditu eta Pulpok berdintzea lortu zuen. Amaierarako segundo batzuk besterik falta ez zirenean, Zumaiakoak gol batengatik irabazten ari ziren baina orduan Aiert Labayen hegaleko jokalaria azaldu eta jaurtiketa bikain batez 20 goleko berdinketa lortu zuen. Denbora agortuta Pulpokoek partida irabazteko aukera izan zuten zuzeneko falta jaurtiketa batean, baina Urko Perurena atezain urnietarrarekin topatu ziren eta norgehiagoka luzapenera iritsi zen.
 
Une erabakigarri honetan urnietarren nerbio eta nekea azaldu zen eta zenbait baloi galeren ondorioz Pulpok 22-25 irabazi ahal izan zuen. Taldeak zaleek emandako babesa eskertu nahi du. Hirugarren postua eskuratzeko partida Tolosaren aurka jokatuko dute urnietarrek.
 
 
Senior mutilek Egiaren aurka galdu zuten
Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek Gipuzkoako Kopako finala jokatzeko ia aukera guztiak zituzten jokoan larunbat arratsaldean Egiaren zelaian, baina bigarren zatiaren hasiera txar batek galarazi zien garaipena eskuratzea. 
 
Partida berdindua izan zen lehenengo 30 minutuetan, nahiz etai UKEkoek bi minutuko kaleratze ugari izan eta lehenengo zati gehiena jokalari bat gutxiagorekin jokatu. Hala ere, defentsan serio eta erasoan eraginkor jokatuz 16-17 irabazten joan ziren atsedenaldira. Baina etenaldiak ez zien onik egin urnietarrei eta zenbait baloi galerek eta jaurtiketa hutsegitek etxekoei markagailuan aurrea hartzea ahalbidetu zien. UKEkoek hutsartea eskatu ostean lehenengo zatiko jokoa berreskuratu zuten baina ordurako Egiak eskuratutako 4 goleko abantaila gehiegizkoa zen partidari buelta emateko eta partida 35-31 amaitu zen. Azkeneko jardunaldian Egiak Zarautzeko Amenabarren aurka jokatuko duen partidan ezusteko handirik ez badago, donostiarrek jokatuko dute Kopako finala. Bestalde, urnietarrek denboraldiari agur esango diote etxean hurrengo ostiralean 20:15etan Lezoko Munttarperen aurka eta garaipena eskuratu nahi dute denboraldi on bati merezitako amaiera emateko.
 
 
Eskubaloi Eskolak Hernaniri irabazi zion
Eskubaloi saileko txikienek Hernani E.T.-ren Eskubaloi Eskolari irabazi zioten igande goizean Udal Kiroldegian jokatutako bi partidetan. Topaketa Eskubaloi Eskolen Ligaren artekoa izanik, urnietarrek beste behin erakutsi zuten pixkanaka hobetzen ari direla asteroko lanari esker.
 
Jardunaldiko gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Kadete mutilak: Tolosa 27 Urnieta Itxaso Arraindegia 26
Kadete neskak: Aiala B 19 Urnieta Adarra Aroztegia 18
Jubenil neskak: Leizaran 33 Urnieta Quel Abogados 27
 
PARTIDA ERABAKIGARRIAK KADETE ETA INFANTIL MUTILENTZAKO
 
 
Larunbat zirraragarria UKEko eskubaloi sailarentzat, bi txapelketetan irabazle izateko aukerak baititu. Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek Gipuzkoako Txapeleketako finalerdia jokatuko dute Zumaiako Pulporen aurka larunbatean 9:30etan Usurbilgo Oiardo Kiroldegian. Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilak denboraldi zoragarria egiten ari dira baina finalean egoteko gogor entrenatu dute aste honetan zehar. Zale urnietarren laguntza eta animoak izango dituzte finalera pasa ahal izateko.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek itzulerako partida jokatuko dute Tolosaren aurka. Joanekoan 27 golera berdindu zuten, beraz, parekotasun handiko partida espero da larunbatean 10:00etan Usabal Kiroldegian. Norgehiagoka honetatik Foru Aldundiko Txapelketaren irabazlea aterako da.
 
Senior mutilek Egian jokatuko dute
 
Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek Egiaren aurka jokatuko dute. Talde donostiarra Kopako finalerako sailkapena eskuratzeko aurkari nagusia dute urnietarrek eta Ligako bi partidetan Egiakoak garaile izan arren, Urnietan gol bakarrarengatik irabazi zuten. Irabaziz gero, azkeneko jardunaldiaren faltan urnietarrak finala jokatzeko oso gertu egongo lirateke. Beraz, norgehiagoka interesgarria larunbatean 16:30etan Egiako Kiroldegian jokatuko dena.
 
Asteburu honetan jokatuko diren gainontzeko partidak:
 
Kadete neskak: Aiala B - Urnieta Adarra Aroztegia larunbata 11:30 Zarautzeko Kiroldegian.
Jubenil neskak: Leizaran - Urnieta Quel Abogados, larunbata 17:00 Andoaingo Kiroldegian.
Eskubaloi Eskola: UKE- Hernani, igandean 11:30etan Urnietako Kiroldegian.
 

Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Federazio Trofeoa irabazi dute

 
Jardunaldi ona UKE eskubaloiko taldeentzat. Eskuratutako garaipenen artean, nabarmentzekoa jubenil nesken taldeak Ordiziaren aurka lortutakoa (23-18), honi esker Federazio Trofeoa irabaztea lortu baitute jardunaldi baten faltan. Partidaren lehenengo zatia berdindua izan zen arren, bigarrenean Andoni Ruizen eta John Sanchezen neskek defentsa egokitu zuten eta Irune Alcaide atezainaren geldiketei esker kontraerasora jokatu ahal izan zuten gol errenta eskuratzeko. Hortaz, irabazitako Kopa hurrengo jardunaldian jasoko dute Andoainen derbia jokatu aurretik. 

Senior mutilek ondo hasi zuten Kopa

 
Urnieta Balerdi Harategiko mutilek 39-27 menderatu zuten Zarautzeko Amenabar partida osoan zehar nagusi izan ostean. Urnietarrek seriotasun handiz jokatu zuten eta atsedenaldirako 6 goleko errenta eskuratu zuten (16-10), batez ere Victor Rodriguezen atepeko erakustaldiari esker. Bigarren zatian zarauztarrek partidari beste erritmo bat ematen saiatu ziren baina etxekoak ez ziren urduri jarri eta talde guztiak primeran jokatutako bigarren zati baten ostean golen errenta 12ra zabaltzea lortu zuten. Goleatzaileak: Beñat Senperena (12), John Sanchez (9), Iñaki Ibañez (5), Josu Pagola (3), Xabat Salaberria (2), Julen García (2), Josu Arruarte (2), Eneko Urruzola (1), Erlaitz Arrieta (1), Gorka Vicente (1), Javier Fraisoli (1). Hurrengo asteburuan Egian jokatuko dute multzoko aurkari gogorrenetako baten aurka. Garaipena eskuratuz gero, finalean egoteko pausu handi bat emango lukete.
 
Bestalde, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek hil ala biziko partida jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketako finalerdietarako sailkapena eskuratzeko. Taldeak helburua lortu arren, ederki sufritu zuen zarauztarren aurka, nahiz eta hauek jokoan ezer ez izan. Partida urnietarren alde hasi zen 1-5 partzialarekin, baina Amenabarrek zenbait aldaketa egin zituen bere defentsan eta lehenengo zatiaren amaierarako partida berdinduta zegoen (14-14). Bigarren zatian zehar lehenengo zatiko berdintasunak jarraitu zuen, batzuetan etxekoek abantaila eskuratuz markagailuan. Baina azken minutuetan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek beste martxa bat sartu zuten eta defentsan baloi batzuk berreskuratu ondoren hainbat kontraeraso egin ahal izan zituzten partida amaierara 25-30 aldeko emaitzarekin iristeko. Urnietar zale ugari gerturatu ziren Zarautzeko Antoniano kiroldegira taldeari babesa ematera eta giro aparta sortzera.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 27 golera berdindu zuten Tolosaren aurka Federazio Trofeoa eskuratzeko joaneko partidan. Partida ondoen deskribatzen duen hitza parekotasuna izan zen, ez etxekoek ezta kanpokoek ez zuten bi gol baino gehiagoko errenta lortzen. Orain Tolosan jokatu beharko dute dena erabakiko duen norgehiagokan.
 
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Lehenengo urteko infantil neskak: Elgoibar 29 Urnieta Altuna Autobusak 20
Bigarren urteko infantil neskak: Urnieta Kamox 18 Pulpo 22
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 16 Usurbil 18
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 17 Bidasoa Irun 22
 
ESKUBALOIKO INFANTIL MUTILAK GIPUZKOAKO TXAPELKETAKO AMAIERAKO FASERA SAILKATZEKO PARTIDA BATERA DAUDE
 
 
Aurreko larunbatean partida garrantzitsua jokatu zen Urnietan Urnieta Ñam Restaurantes eta Errenteriako Ereintzaren artean, bi taldeek Gipuzkoako Txapelketaren amaierako fasera sailkatzeko aukera jokoan baitzuten. Urnietarrei garaipena besterik ez zien balio eta helburua modu bikainean lortu zuten, Eneko Salaberriaren eta Borja Rodriguezen mutilek lehenengo zati ikusgarria jokatu baitzuten bai defentsan zein erasoan. Horrela, atsedenaldirako 11 goleko errenta alde zuten UKEkoek. Bigarren zatian joko-maila ona erakusten jarraitu zuten urnietarrek eta Ereintzak ez zuen partidari buelta emateko aukerarik. Azkenean, 29-15 etxekoen alde. Hortaz, hurrengo asteburuan Amenabarri irabazten badiote Zarautzen, UKEkoak Gipuzkoako Txapelketako amaierako faserako lehenengo postuan sailkatuko lirateke eta finalerdietan beste multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko lukete.
 
 
Bi infantil nesken taldeek ere garaipena eskuratu zuten: Urnieta Kamoxeko bigarren urteko neskek partida ona jokatu zuten eta Carlos Fierro eta Xabat Salaberriaren neskek Bera Berari irabazi zioten 12-20. Malen Morandeirak ez jokatu arren Gipuzkoako selekzioaren deialdiagatik, gainontzeko taldekideek primeran jokatu zuten eta nabarmentzekoa batez ere Nahiak jokatutako partida. 
 
 
Urnieta Altuna Autobuseko lehenenego urteko infantil neskek 26-18 irabazi zioten Ereintzari. UKEko txikienek ere partida ona jokatu zuten eta Kontxi Estevez, Beñat Senperena eta Iñigo Perezek entrenatutako taldeak beraien aurkariari hasieratik amaieraraino gailendu ziren.
 
Aipatzekoa da UKEko hiru infantil taldeak egiten ari diren denboraldi bikaina, hirurak Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ari baitira.
 
Jardunaldiko gainontzeko emaitzak:
 
Kadete mutilak: Leizaran 21 Urnieta Itxaso Arraindegia 24
Kadete neskak: Aloña Mendi 18 Urnieta Adarra Aroztegia 16
Jubenil mutilak: Eibar 27 Urnieta Guria 20
 
URNIETA QUEL ABOGADOSEKO JUBENIL NESKAK GIPUZKOAKO TROFEOA IRABAZTEKO GARAIPEN BATERA DAUDE
 
UKE eskubaloiko zenbait talde beraien txapelketak irabazteko lehia bizian dira eta asteburu honen ondoren, irabazteko aukerek hor jarraitzen dute gehienentzat.
 
Talde horietako bat Andoni Ruiz eta John Sanchezek entrenatutako jubenil neskak dira. Aurreko asteburuan 28-30 irabazi zioten Zumarragako Urolari eta Gipuzkoako Trofeoko irabazle izateko garaipen batera dira. Partida oso lehiatua izan zen: defentsak ez ziren behar bezain sendoak izan eta urnietarrak beraien kontraeraso jokoari esker gailendu ziren. Txapelketa amaitzeko bi partidaren faltan liderrak dira 14 punturekin eta Ordizia, 12 punturekin bigarren postuan da. Maiatzaren 8an jokatuko dute UKEkoek azken hauen aurka, hurrengo asteburuan atsedena baitute. Hortaz, Ordiziakoei irabaziz gero, txapelketako garaileak izango dira.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilak ere titulu bat irabaztekotan dabiltza eta aurreko asteburuan Amenabar B garaitu zuten 35-31. Partidak bi zati oso ezberdin izan zituen: lehenengoan, taldea primeran hasi zen, 10 goleko errenta eskuratuz 15. minuturako. Baina hortik aurrera, besoak jaitsi zituzten eta zarauztarrek atsedenaldia baino lehenago golen errenta seira murriztea lortu zuten (18-12). Bigarren zatia lehenengoa amaitu bezala hasi zen eta kanpokoek gol batera jartzea lortu zuten. Baina azkeneko bost minutuetan gorritxoak esnatu eta azkenean 35-31 irabaztea lortu zuten. Hortaz, jardunaldi baten faltan Tolosa liderrarekin 12 puntura berdinduta daude eta hauen akats bati itxaron beharko diote Foru Aldundiko Txapelketa irabazteko.
 
Azkenik, infantil mutilak Gipuzkoako Txapelketako Amaiera Faseko lehenengo postuengatik lehian dira. Urnieta Ñam Restaurantekoek ozta-ozta lortu zuten 20 goleko berdinketa Tolosa liderraren etxean. Une honetan beraien multzoko hirugarren postuan dira urnietarrak, Ereintza eta Tolosarengandik garaipen batera. Hori dela eta, datorren asteburuan Urnietan finalerdietarako klasifikazioa jokatuko dute Ereintza bigarren sailkatuaren aurka.
 
Gainontzeko eskubaloi taldeen emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Lehenengo urteko infantil neskak: Aiala D 17 Urnieta Altuna Autobusak 11
Bigarren urteko infantil neskak: Urnieta Kamox 21 Orioko 16
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 16 Ereintza B 10
Jubenil mutilak: Bergara 34 Urnieta Guria 24
 
Eider Morales, infantil neskek taldeko jokalaria
 
Joseba Errazkin, cadete mutilen taldeko jokalaria
 
UKE ESKUBALOIKO ZENBAIT TALDEK BERAIEN MULTZOKO LEHENENGO POSTUAGATIK LEHIATUKO DUTE ASTEBURU HONETAN
 
Larunbatean hasiko den jardunaldia oso garrantzitsua izango da UKEko jubenil neskentzat eta infantil eta kadete mutilentzat, lehiaketa irabazteko lehenengo postua eskuratzeko aukera baitaukate.
 
Udal Kiroldegian jokatuko den lehenengo partida larunbatean 12:00etan izango da. Ordu horretan, Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskek Oriokoren bisita izango dute. Carlos Fierro eta Xabat Salaberriaren neskak laugarren postuan dira Gipuzkoako Txapelketako multzoetako batean eta, oriotarrak berriz, bosgarren, urnietarrengandik bi puntura.
 
Arratsaldean, 17:00etan, Urnieta Adarra Aroztegiko kadete nesken txanda izango da Ereintza Bren aurka.
 
Igandean berriz, jardunaldiko plater nagusienetako bat: Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 11:30etan jokatuko dute Amenabarren aurka. Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilak, bi jardunaldiren faltan, Tolosa liderrarekin 10 puntura berdinduta daude eta ezin dute huts egin lehenengo postua eskuratzeko aukerak izaten jarraitzeko.
 
Gainontzeko taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Horrela, Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek larunbatean 9:00etan jokatuko dute Aiala Dren aurka Zarautzen.
 
Bestalde, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek Gipuzkoako Txapelketako beraien multzoko lehenengo postua jokan dute, Tolosa liderraren aurka jokatuko baitute. Neurketa garrantzitsua Usabalen 9:30etan jokatuko dena.
 
Jubenil taldeek ere etxetik kanpo jokatuko dute. Urnieta Guriako mutilek Bergararen aurka izango dute partida 13:00etatik aurrera. Neskek berriz, Foru Aldundiaren Txapelketako lehenengo postua defendatu beharko dute Zumarragan Urolaren aurka 18:00etatik aurrera.
 
Azkenik, senior mutilek atsedena izango dute Maiatzaren 8a arte, aurreko asteburuan Liga amaitu baitzuten.
 
URNIETA BALERDI HARATEGIAREN PARTIDA KAXKARRA DONIBANE TXAPELDUNAREN AURKA
 
UKEko senior mutilek Lehenengo Territorialeko txapeldun izan den Pasaiako Donibaneren aurka jokatu zuten. Partida hasi baino lehenago talde urnietarrak ohorezko harrera egin zion talde pasaitarrari.
 
Gorritxoek Ligari amaiera on bat eman nahi zioten baina ez zuten ondo hasi partida, baloi asko galduz eta jaurtiketa hutsegite asko eginez erasoan. Horrela, Donibanek berehala hartu zuen aurre markagailuan eta atsedenaldira 6-19 iritsi ziren kanpokoen alde. Bigarren zatian urnietarrek zenbait aldaketa taktiko egin zituzten eta bi piboterekin jokatuz erasoan aukera gehiago izan zituzten pasaitarren 6:0 defentsa gainditzeko. Bigarren zatiko partziala irabazi arren (14-13), kanpokoek abantaila handiegia eskuratu zuten lehenengo zatian eta amaierako emaitza 20-32 izan zen. Etxekoen jokalari onena Beñat Senperena izan zen, 9 golekin. Hortaz, partida kaxkarra Liga txapelketa on bat amaitzeko, denboraldi hasierako helburua soberan lortzeaz gain, azken 9 urtetan UKEk Lehenengo Territorialean eskuratu duen postu onena lortu dute. Orain datorren asteburuan bertan hasiko den Kopari ekingo diote gorritxoek eta lan polita egiteko gogoz daude.
 
Bestalde, Urnieta Larrialdiakeko senior neskek bi partida jokatu zituzten Bilboko La Salleren aurka, 2015-2016ko Euskadiko Ligari amaiera emateko. Bi partidak oso desberdinak izan ziren eta biak kontuan edukita, urnietarrak garaile izan ziren.
Larunbatean UKEkoek gol bakarrarengatik galdu zuten Bilbon. Hasieratik amaieraraino partida parekatua izan zen arren, bi taldeek hutsegite ugari egin zituzten erasoan. Bizkaitarrek alde zuten 3 goleko errenta ezerezean utzi ondoren, azken 10 minutuetan etxeko taldeak gehiago asmatu zuen jaurtiketetan eta partida gol bakarrarengatik eskuratu zuten (18-17). Markagailu horrekin, kanporaketak erabat irekita jarraitzen zuen igandeko partidan erabakitzeko.
 
Bigarren partidaren hasiera ez zen ona izan Victor Rodriguezen neskentzat, defentsan ahul jardun baitziren eta kanpokoek gola errazegi eskuratzen zuten. Baina pixkanaka urnietarrek defentsan erritmoa handitu zuten eta atsedenaldirako markagailuan aurretik ziren (11-6). Bigarren zatia berriz, askoz ere erosoagoa izan zen etxekoentzat eta 10 goleko errenta iristera iritsi ziren arren, azkenean 4 golengatik irabazi zuten (17-13).
Hortaz, partida bikaina denboraldi gogor eta zail bati amaiera emateko, taldeak lesio ugari jasan baititu. Horregatik, hurrengo denboraldirako orain lesionatuta daudenak ahalik eta azkarren errekuperatzea espero da. Bestalde, seniorren taldeak eskerrak eman nahi dizkio jubenilei urte guztian zehar eskainitako laguntza handiagatik.
 
 
Kadete mutilen garaipena Ormaiztegin.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 23-29 irabazi zuten igande goizean Ormaiztegin. Partida hasiera parekatu baten ostean, UKEkoek bigarren zati hasieran partida apurtzea lortu 6 goleko errenta eskuratu eta primeran kudeatu zuten abantaila hori amaieraraino. Garaipen honekin Foru Aldundiko Txapelketako bigarren postuan dira, Tolosa liderrarengandik bi puntura, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.
 
Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek garaipena eskuratu zuten (34-31) Andoaineko Leizaranen aurka jokatutako derbian. Partida bikain bat egin gabe, batez ere defentsan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek erasoan duten kalitateari esker gailendu ziren urnietarrak. Garaipen honi esker bigarren postuan jarraitzen dute, hurrengo astean aurka jokatuko duten Tolosa liderrarengandik bi puntura.
 
 
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Eskubaloi Eskola: Saieko 20 Urnieta 19.
Lehenengo urteko infantil neskak: Urnieta Altuna Autobusak 21 Ordizia 7
Bigarren urteko infantil neskak: Aloña Mendi 15 Urnieta Kamox 12
Kadete neskak: Leizaran 21 Urnieta Adarra Aroztegia 17
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 27 Arrasate 25
Jubenil neskak: Eibar Eskubaloia 26 Urnieta Quel Abogados 28
 
SENIOR MUTILEK DONIBANE TXAPELDUNAREN BISITA IZANGO DUTE LIGAKO AZKEN JARDUNALDIAN
 
 
Larunbat arratsaldean, 19:00etan, Urnieta Balerdi Harategiak Udal Kiroldegian jokatuko du Donibaneren aurka. Bi taldeek dagoeneko lortu dituzte beraien helburuak: pasaitarrak dagoeneko Gipuzkoako Ligako txapeldun dira eta urnietarrek kategoria mantentzea lortu dute. Hala ere gorritxoak txapeldunari irabazten saiatuko dira, Donibanen jokatutako joaneko partidan berdintzea lortu baitzuten eta zelai horretan punturen bat eskuratzea lortu duen talde bakarra izan da. Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek seigarren postuan amaituko dute 12 taldek osatzen duten Ligan eta hurrengo asteburuan Kopari ekingo diote.
 
Urnieta Larrialdiakeko senior neskek berriz, bi partida jokatuko dituzte asteburu honetan Bilboko La Salleren aurka  Euskadiko Ligako txapelketari agur esateko. Larunbatean 16:30etan jokatuko dute Bilbon eta igandean 12:00etan bizkaitarrek egingo diote bisita UKEkoei.
 
Baina eskubaloi jardunaldia larunbat goizean hasiko da urnietarrentzat bi partida jokatuz Udal Kiroldegian. Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek sailkapenean bi puntura daukaten Ordiziaren aurka jokatuko dute 11:30etan.
 
Jarraian, 12:45etan, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek derbia jokatuko dute sailkapenean bost puntu azpitik duten Leizaran Aren aurka. 
 
Arratsaldean, senior mutilen partida baino lehenago Urnieta Guriako jubenil mutilek 16:45etan jokatuko dute Arrasateren aurka Federazio Txapelketari dagokion partida.
 
Gainontzeko taldeek etxetik kanpo jokatuko dute:
 
Bigarren urteko infantil neskak: Aloña Mendi - Urnieta Kamox. Larunbatean 12:00etan Oñatin.
Kadete neskak: Leizaran - Urnieta Adarra Aroztegia. Larunbatean 12:00etan Andoainen.
Kadete mutilak: Ormaiztegi - Urnieta Itxaso Arraindegia. Igandean 11:30etan Ormaiztegin.
Jubenil neskak: Eibar - Urnieta Quel Abogados. Larunbatean 17:30etan Eibarren.
Eskolen Liga: Saieko - Urnieta. Igandean 9:30etan Donostiako La Sallen.
 
1234 ... 151617
Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa