U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2014/05/12] MAIATZAREN 10 ETA 11KO EMAITZAK

Asteburu zaila Urnietako jubenil neskentzat, 48 ordutan bi partida jokatu behar izanik eta jokalari gutxirekin gainera. Lehenengo partida ostiralean izan zen Usurbil indartsu baten aurka eta ez zuten ia aukerarik eduki, azkenean 18-31 galduz. Bigarrena berriz igandean izan zen Zumaian Pulporen aurka eta partida borrokatu zuten eskubaloi azkar eta bizia jokatuz. Azkeneko minutuetara irabazteko aukerarekin iritsi ziren arren, Zumaiakoek hobeto jokatu zituzten minutu horiek eta garaipena etxekoentzako izan zen, 26-21.

 

Urnieta Guriako infantil mutilek ez zuten beraien partida jokatu aurkako taldea, Usurbil, ez zelako partidarako aurkeztu. Beranduago jakin den bezala, aurreko egunean erabaki zuten usurbildarrek Gipuzkoako bosgarren postuarengatik lehiatzeak ez zuela merezi eta horregatik ez zirela aurkeztuko. Gainera ez zioten ez Federazioari ezta UKEri abisatu. Urnietarrek aurreikusitako ordua baino 5 minutu lehenago arte berotu zuten, besterik gabe. Ulertezina da 50 urteko historia duen talde batek horrelako jokaera azaltzea. Alde positiboa, Urnieta Guria Gipuzkoako bosgarrena da merezimendu osoz, postu hori txikiek egindako denboraldi bikainari esker lortu baita.


Gipuzkoako txapelketan, beren mailan bostgarren postua egin duten Infantil mutilen taldea

haien entrenatzaile den Kontxi Estevez eta laguntzaile Alexekin.

 

 

Senior mutilek garaipena eskura izan zuten larunbat arratsaldean Udal Kiroldegian Ordiziaren aurka jokatutako partidan, baina 25 goleko berdinketa batekin konformatu behar izan zuten. Urnietarren lehenengo zatia kaxkarra izan zen defentsan zein erasoan, ondorioz atsedenaldian 10-14 izanik ordiziarren alde. Bigarren zatian berriz, nabarmenki hobetu zuten bi alderdietan, markagailua itzuliz eta 15 minutu faltan 6 goleko diferentzia edukiz alde. Baina bukaeran nerbioek eta nekeak eragin zien etxekoei, erabaki txarrak hartuz eta denbora amaitzear zegoela Ordiziak partida berdintzea ahalbidetuz.

 

Infantil neskek igande goizean jokatu zuten Urnietan Zarautzeko Aialaren aurka eta partida hasiera berdindua izan arren, konfiantza irabazi zuten etxekoek eta egoerari buelta ematea lortu zuten, batez ere, eraso eraginkor bati esker. Azken minutuetako esfortzuari esker, partida amaieran markagailua 14-8 emaitzarekin uztea lortu zuten, jokoan zeuden bi puntuak eskuratuz.

 

Jarraian jubenil mutilen txanda zen Hondarribiako La Bacaladeraren aurka. Hasiera bikain bati esker markagailuan 5 goleko abantaila eskuratzea lortu zuten. Hasierako nagusitasun horrek etxeko taldea erlaxatzea eragin zuen eta honek, jokalari batzuen aldaketarekin batera, atsedenaldia baino lehenago Hondarribiak partida berdintzea ahalbidetu zuen. Bigarren zatia lehenengoaren antzekoa izan zen, etxeko taldea indartsu hasi zen baina aurreko kasuan ez bezala, ez zuten kontzentrazioa galdu eta garaipena eskuratu zuten, 30-23, Hondarribi on baten aurka.


Urnieta HK10eko kadete mutilek ez zuten aukerarik eduki Leizaran A multzoko liderraren aurka, baina lehenengo zati amaieran partidan ziren oraindik, hiru goleko desabantailarekin. Berriro hastean, aldiz, urnietarren baloi-galera askok Leizaran behin betiko markagailuan urruntzea eragin zuen eta UKEkoek saiatzen jarraitu arren, tarteka oso ondo defendituz, ezin izan zioten bere joko onari jarraipena eman bigarren zati guztian zehar. Kontuan hartzekoa da andoaindarrak denak bigarren urtekoak zirela eta urnietarrak lehenengo urteko 5 jokalari, bigarren urteko bi eta, berriro ere, primeran jokatu zuten 4 infantilekin aurkeztu zirela.

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa