U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2016/02/22] OTSAILAREN 20-21 ASTEBURUKO EMAITZAK

BI ESKUBALOIKO SENIOR TALDEEN GARAIPENAK

UKE eskubaloiko taldeentzako jardunaldi ona izan zen aurreko asteburukoa, non bi senior taldeek garaipena eskuratu zuten.

Urnieta Larrialdiakeko senior neskek etxean Egiaren aurka irabazi zuten hasieratik amaieraraino kontrolatu zuten partidan. Defentsa bikain batean eta landutako eraso-jokoan oinarrituta etxekoek azkar lortu zuten markagailuan aldentzea eta atsedenaldira 12-7 emaitzarekin iritsi ziren. Bigarren zatia erritmo berdinarekin hasi zuten urnietarrek: erasoan pibotearekin jokatuz eta kontraerasoak eginez defentsan lapurtutako baloiei esker, hamar goleko abantaila lortu zuten, partida amaieraraino mantendu ahal izan zutena (29-19). Jokalari guztiek ekarpen handia izan zuten taldean eta aipatzekoa da ere seniorrekin jokatu zuten jubenilen lana. Horrela, amaiera ezin hobea eman diote Victor Rodriguezen neskek lehenengo faseari. Orain multzo bizkaitarrarekin nahastuta fase berri bati ekingo diote.



Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek ez zuten partida erraza izan igande goizean Ordizian. Bi jokalariren baja garrantzitsua izateaz gain, nahi baino gehiago sufritu zuten Ligako azkenari irabazteko. Partida ez zuten ondo hasi urnietarrek, erritmo gabe eta akats asko eginez. Ondorioz, atsedenaldira 10-9 galtzen iritsi ziren. Bigarren zatian berriz egoerari buelta ematea lortu zuten, batez ere eraso-jokoari erritmo handiagoa eman izanagatik eta beraien piboteekin jokatzea lortzeagatik. Azkenean, 17-25 urnietarren alde. Nabarmentzekoa Beñat Senperenak lortutako gol-kopurua (11) eta Iosu Irigoyenek atepean egindako lana, lehenengo zatian Jokin Jimenezenak partidan mantentzeaz gain 7 metrotako bi jaurtiketa ere gelditu baitzituen. Bi puntu hauekin UKEkoek seigarren postuan jarraitzen dute 20 punturekin, baina bosgarrenarekin (Urola) berdinduta eta partida bat gutxiagorekin. Goleatzaile urnietarrak: Beñat Senperena (11), Josu Pagola (3), Xabat Salaberria (3), Eneko Urruzola (3), Erlaitz Arrieta (2), Eneko Salaberria (1), Josu Arruarte (1), Gorka Vicente (1).

Gipuzkoako Txapelketa hasi zuten hiru infantil taldeetatik, Urnieta Ñam Restauranteseko mutilek bakarrik eskuratu ahal izan zuten garaipena. Defentsa on batekin eta eraso eraginkor bati esker landutako garaipen bat eskuratu zuten Urolaren aurka (37-28).



Bigarren urteko infantil neskek ez zuten partida erraza izan Elgoibarren kategoriako talde indartsuenetako baten aurka. Urnieta Kamoxekoek lehenengo zati bikaina jokatu zuten eta epailearen erabakiek bakarrik galarazi zieten markagailuan aurrea hartzea. Ondorioz, atsedenaldira 11-7 iritsi ziren. Bigarren zatian berriz, gorritxoek nabarmen egin zuten behera eta Elgoibarrek hori baliatu zuen partida erabakitzeko. Amaieran, 24-10.

Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskak, gogor saiatu arren, ezin izan zuten Bidasoaren nagusitasun fisikoa menderatu eta 16-27 galdu zuten.

Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:

Kadete neskak: Bidasoa 18 Urnieta Adarra Aroztegia 17
Kadete mutilak: Urnieta Itxaso Arraindegia 26 Tolosa 32
Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 26 Eibar 25
Jubenil mutilak: Arrasate 29 Urnieta Guria 25
Eskubaloi eskola: Hernani 17 Urnieta 22

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa