Hirugarren postua eskura
Gipuzkoako Lurraldeko bigarren mailako hirugarren postua esku-eskura dute Urnieta Balerdi Harategia eskubaloi taldeko mutilek. Horretarako, baina, Pulpo taldea mendean hartu beharko dute larunbatean Urnietako kiroldegian arratsaldeko 19:00etan. Sailkapenean hirugarren da Zumaiko taldea; Urnietako seniorrak baina bi puntu gehiago besterik ez dute. Joaneko partidan garaipenak azken momentuan ihes egin, eta berdinketaren itzuli ziren etxera urnietarrak. Partida hartako arantza kendu nahi dute, eta bide batez, lan txukuna egin eta Elgoibarren utzitako irudia garbitu. Sailkapenean zumaiarren tokia hartuko lukete partida irabaziz gero. Fin ibili beharko dira horretarako, baina etxekoen babesak haien alde egitea espero dute.
Urnietako London School taldeko neskek Urdulizen jokatuko dute jardunaldi honi dagokion norgehiagoka, igandean, 11:30ean. Euskal Ligan eskarmentu handirik ez badute ere, lehiatzeko gogoz daude, eta aurkariak estutuz ziur dira emaitzak iritsiko direla. Jubenil dezenterekin bidaiatuko dute Urdulizera, bi puntuak etxera ekartzeko itxaropenarekin.
Azpiko kategoriei dagokienean, Jubenil nesken Urnieta HK hotela taldeak ez du partidarik jokatuko asteburuan, atsedena baitagokie. Kadete mutilen Urnieta HK hotelak, berriz, etxean jokatuko du Foru Aldundiko txapelketan dagokion partida, Elgoibarren aurka, larunbatean 15:15ean. Bi taldeak berdinduak daude sailkapenean. Urnieta Bosteko Jatetxea taldeko kadete neskek Errenteriara egingo dute bisita larunbat arratsaldean, 17:30ean, Ereintzaren talde indartsuaren kantxatik bi puntuak eramateko xedez. Urnieta Mecanizados Kamox kadete neskek, ordea, Eibarreko nesken aurka arituko dira larunbatean, 15:45ean. Hiru partida jokatuta, eta beste horrenbeste irabazita, Foru Aldundiko Torneoko lehenengo postuari eusten saiatuko dira. Infantil mutilen Urnieta Guria Kafetegia taldeari dagokionez, igandean eguerdiko 12etan jokatuko du Egiaren aurka, Urnietako kiroldegian. Urnieta Bosteko Jatetxea taldeko infantil neskek asteburu gogorra dute aurretik, bi partida jokatuko baitituzte. Larunbatean Oñatin jokatuko dute 12:15ean. Igande goizean ere lana izango dute: Legazpiren aurka atzeratutako partida jokatuko dute, 11:00etan. Azkenik, Urnieta Guria Kafetegiako infantil neskek Andoaingo Leitzaran taldearen bisita jasoko dute larunbatean eguerdiko 12etan.