U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
Castellano
[2014/04/23] UKE ESKUBALOIA PORTUGALGO ANDEBOLMANIAN

UKE ESKUBALOI SAILAK PARTAIDETZA ARRAKASTATSUA IZAN DU ANDEBOLMANIA NAZIOARTEKO TXAPELKETAN

 

UKE eskubaloi sailaren lehenengo partaidetza Sao Joao da Madeirako (Portugal) Andebolmania nazioarteko txapelketa benetan arrakastatsua izan da eta aurreikuspenak betez, kirolari, entrenatzaile eta senideen artean 130 urnietar baino gehiago bertaratu ziren.

 

 

 

Urnietarrak 4 talderekin aurkeztu ziren kadete eta jubenil mailetan, bai neska zein mutiletan. Andebolmaniak Iberiar penintsula guztiko talde ezberdinetako 1.100 partaide bildu zituen. Talde guztien artean, UKE zen herri txikienetik zetorren taldea; hala ere, gure kirolariek buruz buru aritu ziren duintasun osoz beraien partida guztietan talde profesionalen harrobia osatzen duten talde espainiar zein portugaldarren aurka.

 

Eskakizun handiko lau egun izan dira, batzuetan bi partida jokatuz egun bakarrean, baina oso garrantzitsuak lehiaketa euskaldunetan lagungarria izango zaien esperientzia lortzeko.

 

Gainera, txapelketan zeharreko elkarbizitzako bost egunek eskubaloi saila are gehiago elkartu dute. Lau taldeen eta hauekin batera etorritakoen arteko giroa ezin hobea izan da. Aipatzekoa da antolakuntzak jarraitzaile urnietarrak zoriontzea zale alai, zaratatsu eta koloretsuena izateagatik. Hori dela eta, Andebolmaniaren hurrengo edizioan parte hartzeko gonbidapena jaso zuten UKEkoek.

 

Kirol arloari dagokionez, Iniciados taldeak osatzen zituzten infantil eta kadete, neska zein mutilek, eduki zuten eginkizun zailena, Portugaleko adin banaketa dela eta beraiek baino bi urte zaharragoak ziren jokalariak zituzten taldeen aurka jokatu izan behar zuten eta. Hala ere, borrokarako izaera eta Urnietako grina erakutsi zuten partida guztietan. Horren adierazgarri neskek Ciudad Imperial de Toledo talde indartsuaren aurka lortutako garaipena.

 

Jubenil neskek multzo zail batean lehiatu zuten. Bertan, geroago kategoriako txapelduna izango zen Portugaleko El Uno de Mayoren aurka jokatu zuten baina partidetako bat irabaztea lortu zuten, hain zuzen, Orenseko taldearen aurka.

 

Jubenil mutilek talde handi bat osatzen dutela erakutsi zuten berriro ere. Txapelketan taldeari asko eman zioten hiru kadeteekin parte hartu zuten.

 

Bi garaipen lortu zituzten, lehenengoa taktikoki zur eta lur utziz Asobal Ligako harrobietako bat, Balonmano Aragon, ikusle eta aurkariek goraipatutako 3:3 defentsa erabiliz.

 

Nahiz eta gainontzeko taldeek bezala, bertako taldeen gogortasuna eta epaile portugaldarren permitsibitatea jasan behar izan zuten baina eusten jakin eta txapelketako azken egunean bigarren garaipena eskuratu zuten. Honi esker, lau talde utzi zituzten beraien atzetik azken sailkapenean.

 

Espedizio urnietarrarekin batera bi epaile gipuzkoarrek bidaiatu zuten: Kevin de Castro urnietarra eta David Mateos andoaindarra. Txapelketako epaile hoberenak izendatu zituzten eta jubenil nesken finala arbitratu zuten, final guztien artean parekatuena.

 

Esperientzia bikaina izateak, primerako parte-hartze urnietarra eta bere jarrera ona zelai barru eta kanpoan ondorio nagusi bat ekarri zuen: txapelketako beste partaideen gonbidapena beraiek antolatzen dituzten nazioarteko txapelketa ezberdinetan parte hartzeko. Noski, eskubaloi sailak gonbidapen guzti hauek aztertuko ditu.

 

Andebolmania 2014 lehenengo nazioarteko partaidetza urnietarra izan den arren, ziur gaude horrelako gehiago egongo direla. Aupa UKE! oihua gure mugetatik kanpo entzungo da berriro ere.

 

Bestalde, eskubaloi sailetik eskerrak eman nahi zaizkie jokalari, entrenatzaile eta bidaiaren antolakuntzan lagundutako guraso-batzordeari beraien lanagatik, baita talde antolatzaileari, ADS San Joanense.

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa