U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/10/07] URRIAREN 3-4 ASTEBURUKO EMAITZAK

Lehenengo jardunaldi ona UKEko eskubaloi taldeentzat

 

UKEko eskubaloi saila aurreko larunbat goizean aurkeztu zen bere zaleen aurrean, 120 jokalari eta entrenatzaile kiroldegiko zelaira atera ziren denboraldiko argazki ofizialak egiteko. Egape Dantza Taldeko dantzariek Adriana Unanuek abestutako aurreskua eskaini zieten, beste koreografia batez gain. Amaitzeko, eskubaloi saila osatzen duten talde guztiak, Eskubaloi Eskolatik hasita senior mailako taldeetaraino, harmailetan bildu ziren talde-argazki bat ateratzeko.

 

Aurkezpena baino lehenago, 10:00etan hain zuzen, kadete neskek jokatu zuten Tolosa, UKErentzako lehiaketa ofizialari hasiera emanez. Eta ezin izan zuten hobeto egin Jose M. Manerok entrenatutako neskek, tolosarrak 11-19ko markagailuarekin menderatu baitzituzten.

 

Arratsaldean berriz, etxean jokatzen ziren lehenengo partida ofizialak izan ziren. Lehenengoak Urnieta Itxaso Arraindegiako kadete mutilak izan ziren, Egiaren aurka. Partida defentsan ondo hasi arren, erasoan motel eta huts asko eginez jardun ziren, hori dela eta, bi goleko aldearekin bakarrik joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatiari gogo gehiagorekin ekin zioten eta 16-10eko markagailua ezartzea lortu zuten, baina hurrengo 10 minutuetan okerrago jokatu eta markagailuan gol azpitik jarri ziren. Azkenean, partida 22 goleko berdinketarekin amaitu zen, emozioz beteriko azken jokaldi batzuen ostean.

 

Jarraian senior nesken txanda izan zen, lehiaketari hasiera emanez Andoaingo Leizaranen aurkako derbi batekin. Partida oso parekatuta hasi zen, baina etxeko taldea nagusi beti eta atsedenaldira 12-10eko markagailuarekin iritsi ziren. Bigarren zatia primeran hasi zen etxeko taldearentzat, defentsa-lan on batekin eta erasoan eraginkor azalduz. 10. minuturako 7 goleko errenta zuten markagailuan, batez ere bere bi lateralei esker: Irati Zinkunegi (7 gol) y Maider Dorronsoro (6 gol). Une horretan Leizaran erasoan bi piboterekin jokatzen hasi zen eta urnietarren defentsa-lana oztopatuz; defentsan, berriz, UKEko jokalari hoberenei bakarkako defentsa egin zieten. Hala ere, gorritxoak beraien jokoa berreskuratu eta azkenean 24-19 nagusitu ziren, lehenengo bi puntuak eskuratuz.

Arratsaldea amaitzeko ekitaldi nagusia falta zen, senior mutilen partida Legazpiko Zuauto Katiluren aurka, urnietarrentzako Lehenengo Territorialera itzulera. Partida parekatuta hasi zen, UKEkoak defentsan akats batzuk eginez eta hortaz baliatu zen Legazpi markagailuan gol bateko errenta eskuratzeko. Baina 15. minutuan, etxekoek defentsa sistema 5:1era aldatu zuten eta legazpiarren eraso-jokoak behera nabarmen egin zuen. Atsedenaldian UKE nagusi zen, 12-6, eta bigarren zatia etxekoen festa izan zen, defentsa-lan zoragarria eginez eta erasoan oso eraginkor azalduz, baita zaleen gozamenerako jokaldi politak ikusi ahal izan zirelarik. Nabarmentzekoa jokalari guztien jarrera eta buru-belarri aritzea, aurten Lehenengo Territorialean egonkortu nahi dutela argi utziz. Lehenengo pauso txikia emanda dago, Legazpiri 27-11 irabazi ostean.

 

Lehiaketari hasiera eman zioten gainontzeko taldeek etxetik kanpo egin zuten. Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Legazpiko Zuri Zuriri 16-22 irabazi zioten, garaipena defentsa bikain batean oinarrituz. Orokorrean, partida erritmo handian jokatu zuten Andoni Ruizen neskek.

Urnieta Guriako jubenil mutilek ezin izan zuten lehenengo partida irabazi eta Ordiziren aurka 31-24 galdu zuten.

 

Azkenik, lagunarteko ona Infantil A taldeak Leizaranen aurka jokatutakoa. Garaipena 9-18ko markagailuarekin eskuratu zuten eta bi astetan hasiko den lehiaketaren prestakuntzari jarraipena eman zioten.

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa