U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/10/26] URRIAREN 24-25 ASTEBURUKO EMAITZAK

SENIOR MUTILEK LIGAN GALDU GABE JARRAITZEN DUTE

 

Lehenengo Territorialeko Urnieta Balerdi Harategiak galdu gabe jarraitzen du hiru jardunaldiren ostean eta sailkapeneko lehenengo postuan jarraitzen du. Igandean Bergararen aurka jokatu zuen partida lo hasi zuten urnietarrek eta kanpotarrek 4 goleko aldea zuten partidako 10. minuturako. Ondorioz, entrenatzaile urnietarrak hutsartea eskatu behar izan zuen taldea esnarazteko eta eragina izan zuen: etxekoak lanean hasi ziren eta partida berdintzea lortu zuten atsedenaldia baino lehenago (14-14). Bigarren zatia lehenengoaren amaieraren jarraipena izan zen, UKEkoak defentsa-lan txukun bat eginez, kontraerasora azkar ateraz eta ondo jokatuz erasoan korrika egin ezin zutenean. Azkenean, 33-25 eta bi puntu gehiago hurrengo asteburuan Andoaingo Leizaranen aurka derbia jokatu baino lehenago.

Urnieta Larrialdiak Fundazioko senior neskek ez zuten mutilek bezain besteko zortea izan eta ezin izan zuten menderatu Zarautzeko Aiala indartsua, 9-35eko markagailuaz galduz partida. Liga irabazteko hautagaia da Zarautz eta bere nagusitasuna oso argia izan zen; gainera, urnietarrena oraindik osatzen ari den talde izateaz gain, partidarako baja garrantzitsuak eduki zituen. Beraz, neskei lanean jarraitzea besterik ez zaie gelditzen lehenengo jardunaldietako sentsazio onak berreskuratzeko.

 

Infantil nesken B taldeak garaipen argia eskuratu zuen bere lehenengo partidan. Leizaran B menderatu zuen 28-18 eta argi gelditu zen denboraldi honetan zeresana sortuko duen taldea izango dela UKEko txikienek osatzen dutena.

 

Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskek partida erraza izan zuten eta Ordiziako neskei gailendu zitzaizkien. Nabarmentzekoa taldeko jokalari guztien partida ona, kide guztiek gola lortu baitzuten. Azkenean, Urnieta Kamox 35 - Ordizia 7.

Urnieta Ñam Restauranteseko infantilek ere partida erraza izan zuten, Bidasoa Cren aurka 3-35 irabazi baitzuten. Argi gelditzen da beraz UKE eskubaloiko harrobia talde onez osatuta dagoela.

 

Partida handia izan zen Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek jokatu zutena. Taldeak primeran hasi zuen partida, defentsa-lan ikaragarria eginez eta kontraerasorako irteera azkarrekin berehala lortu zuten gol kopuru handiko aldea markagailuan. Ondorioz, lehenengo zatian Zarautzek 3 gol bakarrik sartu ahal izan zituen, markagailua 13-3 izanik etxekoen alde. Bigarren zatian, urnietarrek lasaiago jokatu zuten, erlaxatu gabe, eta azkenean 26-13 irabazi zuten.

 

Bestalde, Urnieta Adarra Aroztegiako kadete neskek berdinketa baliotsu bat eskuratu zuten igande goizean Usurbilen aurka (17-17). Partida berdinketa eta erritmo handikoa jokatu zuten bi taldeek.

 

Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek 24-25 irabazi zuten Egiaren aurka etxetik kanpo. Partida azken minutuetan erabaki zen UKEkoen alde.

 

Igande goizean Eskubaloi Eskolak denboraldiko lehenengo topaketa jokatu zuen Hernaniko Eskubaloi Eskolaren aurka. Topaketa bi partidatan banatu zen: lehendabizi Urnietako txikienek Hernaniko benjaminen aurka jokatu zuten eta jarraian Urnietako alebinen txanda izan zen, Hernaniko alebinen aurka jokatuz. Aipagarriena bi taldeen arteko berdintasuna eta topaketa guztian zehar egon zen giro ona. Horrela, hurrengo batean Urnietako Eskolak Hernaniri bisita bueltatzea bakarrik falta da.

Rocasak Urnietan entrenatu zuen:

 

Ostiralean UKEko eskubaloi saila nesken Ohorezko Mailako talde indartsuenetako anfitrioia izan zen: Kanaria Handiko Rocasak Urnietako eskubaloi pista aukeratu zuen Bera Beraren aurka jokatu baino lehenagoko azkeneko entrenamendurako. Eskubaloiko jokalari eta entrenatzaileek kanariarren entrenamendua ikusi ahal izan zuten eta Urnietako zenbait senior neskek minutu batzuk jokatu ahal izan zituzten hurrengo egunean Bera Bera gol batengatik menderatu zuen taldearekin. Bai UKE zein Rocasa oso gustura amaitu zuten esperientzia eta kanariarren hurrengo bisitetan esperientzia errepikatzea espero dugu.

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa