UKEko eskubaloi saila zenbait jarduera antolatzen dabil denboraldiari amaiera emateko. Ospatuko den lehenengoa Street Handball txapelketa izango da, ekainaren 16 eta 17an hain zuzen. Txapelketa honen bigarren edizioa alebin, infantil eta kadete neska zein mutilei zuzendua dago, eskubaloi jokalariak izan edo ez. Txapelketako partidak bi egunetan ospatuko dira 17:00ak eta 21:00ak artean.
Antolatzaileek lehengo urteko parte-hartze arrakasta lortzea espero dute. Txapelketan parte hartzeko, 5 jokalariko taldeak osatu beharko dira eta aldez aurretik izena eman dezakete eskubaloiakom@urnietake.org helbide elektronikora mezu bat edo 625 384 670 telefono zenbakira Whatsappa bidaliz. Txapelketako lehenengo egunean, ekainaren 16an, izena eman ahal izango dute Plazido Mujika plazan 17:00ak baino lehenago. Talde mixtoek aldeko gol-errentarekin hasiko dituzte partidak.
Denboraldi amaierako afaria
Denboraldiari amaiera ofiziala emateko, eskubaloi saila osatzen duten guztiak hurrengo larunbatean, ekainak 18, Oianume Jatetxean elkartuko dira denboraldi amaierako afaria ospatzeko. Bertara jokalari, entrenatzaile, zuzendari eta gurasoak joango dira eta denboraldiko zenbait bideo ikusi ahal izango dira. Bestelako sorpresak ere espero dira.