JARDUNALDI ONA HERRIKO ESKUBALOI TALDEENTZAT
UKEko taldeek jardunaldi ona izan zuten: 4 garaipen, berdinketa bat eta galdutako partida bat.
Berdinketa jardunaldiko lehenengo partidan eman zen, jubenil mutilek Bidasoaren aurka ostiral arratsaldera aurreratutako norgehiagokan. Urnieta Guriako mutilek lehenengo zati pattala burutu zuten, batez ere defentsa lanetan; non ez ziren behar bezain sendo ibili eta ezin izan zuten Bidasoaren barne-jokoa eten, azken hauek beraien pibotea oso erraz topatzen zutelarik. Bigarren zatian berriz arazo hori konpontzea lortu eta Xabi de la Motaren mutilek azken minutuetan partida berdintzea lortu zuten. Azkeneko erasoan bi puntuak eskuratzeko aukera ere izan zuten, baina azkenean markagailuak 20-20ko berdinketa erakusten zuen.

Larunbat goizean, bi infantil nesken taldeek beraien azkeneko lagunarteko partidak jokatzeko aukera eduki zuten. Gainera, aurredenboraldia ezin izan zuten hobeto amaitu, bi taldeek garaipena eskuratu baitzuten. Urnieta Kamoxeko neskek, bigarren urtekoek, Ordizia menderatu zuten 11-6 eta lehenengo urtekoek berriz, etxetik kanpo Usurbili irabazi zioten 18-25eko markagailu argiarekin.

Senior nesken garaipen garrantzitsua:
Senior nesken taldeak indartsu ekin dio Euskadiko Txapelketari, orain arte jokatutako bi partidak irabaztea lortu baitu. Victor Rodriguezek zuzendutako Urnieta Larrialdiak taldeak, jokalari beteranoen erretiroa eta Maria Salaberriak aurredenboraldian izandako lesio larria ahaztu eta, lan handia eginez, bigarren jardunaldian Legazpiko La Salleren aurka sufritutako garaipena lortu du. Lehenengo zatian bi taldeen arteko berdintasuna izan zen nagusi, baloi-galera eta erasoan akats asko emanez. Horrela, urnietarrak gol bat azpitik iritsi ziren atsedenaldira (11-10). Bigarren zatirako UKEren asmoa partidaren erritmoa bizkortzea eta markagailuan aldentzea zen, defentsa bikain batean oinarrituta. Asmoak betetzea lortu zituzten, bigarren zati osoan 3 gol bakarrik jaso baitzituzten eta, 5 minuturen faltan markagailuan 3 goleko aldea zuten urnietarrek. Azkenean, 13-17 irabazi zuten urnietarrek, denboraldi zail honi aurre egiteko taldeari animikoki primeran etorriko zaion garaipen sufritua eskuratuz.
Larunbat arratsaldean Urnietan jokatu zuen talde bakarra izan zen, era berean, punturik eskuratzea lortu ez zuen taldea. Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek 19-22 galdu zuten Zarautzeko Aialaren aurka, non bigarren zatian ez zituzten behar bezala kudeatu defentsatik erasorako trantsizioak. Hori izan zen partida zarauztarren alde erabakitzeko gakoa, partidako lehenengo zatia orekatuagoa izan baitzen. Beraz, lanean jarraitu beharko dute, tarteka erakutsi baitzuten ez direla talde zarauztarra baino gutxiago.
Kadete mutilak izan ziren jardunaldiko azken partida jokatzen zutenak. Igande goizean jokatu zuten Hondarribian eta partida talde oso serio baten aurka izan zen, 60 minutuetan zehar inongo erreztasunik eman ez zuena. Lehenengo 30 minutuak oso parekatuak izan ziren, urnietarrek markagailuan gol gutxiko aldeak eskuratuz. Baina Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilek bigarren zatiaren hasiera bikaina burutu zuten, 8 goleko aldea lortuz; hala ere, aurreko asteburuan gertatu zitzaien bezala, partidatik deskonektatu egin ziren gorritxoak eta talde hondarribiarrak markagailuko aldea 2 goletara murriztea lortu zuen, partida amaitzeko bi minutu besterik falta ez zirenean. Zorionez, urnietarrek gol-abantaila horri eutsi eta bi puntuak eskuratu zituzten, amaierako markagailua 19-21 izanik