U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2016/01/11] URTARRILAREN 9-10 ASTE BURUKO EMAITZAK

SENIOR MUTILEK PUNTU BAT ESKURATU ZUTEN LIDERRAREN ETXEAN PARTIDU ON BAT JOKATUTA

 

Lehenengo Territorialeko Urnieta Balerdi Harategiak ezin hobeto hasi zuen urtea: partida on bat jokatu zuen larunbat eguerdian Pasaian Ligako Donibane liderraren aurka. Partida zaila zen, ordura arte Donibanek lehenengo itzuliko partida guztiak irabazi baitzituen, baina gorritxoak partida lehiatzeko asmo osoz atera ziren zelaira. Aurkariaren erasoa zaildu zuen 3-2-1 defentsarekin eta erasoan eraginkortasun handia erakutsiz, lehenengo zatian urnietarrak aurretik izan ziren markagailuan, atsedenaldira 18-21 emaitzarekin iritsiz. Bigarren zatian etxekoek erreakzionatu eta markagailuari buelta ematea lortu zuten baina Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek ez zuten amore eman eta azken unean partida berdintzea lortu zuten. Nabarmentzekoa talde guztiak egindako lan fisikoa, Josu Arruarte eta Eneko Urruzola lateralen partida erasoan (12 eta 7 gol, hurrenez hurren) eta Victor Rodriguezen geldiketa erakustaldia atepean, une erabakigarrietan geldiketak eginez. Azken finean, urte hasiera bikaina UKEkoentzat eta hurrengo partidak sailkapeneko azkeneko postuetan diren taldeen aurka izango dituzte; beraz, ezinbestekoa izango da hauek irabaztea lehenbailehen mailari eusteko helburua lortzeko. Ligako lehenengo itzulia sailkapeneko seigarren postuan amaitu dute urnietarrek, 12 punturekin.

 

Urnieta Larrialdiak Fundazioko senior neskek ez zuten zorte bera izan igandean Usurbilen jokatutako partidan. Hauek ere Ligako lehenengo itzuliari amaiera eman zioten sailkapeneko lehenengo postuan dagoen talde usurbildarraren aurka. Partida hasiera ona izan zen UKEkoen aldetik, defentsan presio handia eginez eta etxekoen eraso-jokoa oztopatuz. Erasoan berriz, zailtasunekin bazen ere, gola eskuratzeko jaurtiketa argiak lortu zituzten. Atsedenaldira 16-8 markagailuarekin iritsi ziren, baina gorritxoek sentsazio onak zituzten. Bigarren zatian nekeak eragina izan zuen urnietarrengan eta Usurbilek erritmo altuago batekin jokatu zuen. Ondorioz, partida 38-15 markagailuarekin amaitu zen, baina sentsazio onak utziz urnietarrengan, partidan zehar lehiakorrak izan baitziren liderraren aurka. Hala ere, partidak albiste txar bat utzi zuen: Cristina Urdangarinen belauneko lesioa, oraindik honen larritasuna zein den jakin gabe.


Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilak, Gipuzkoako Txapelketaren amaiera faseko jardunaldi bikoitzarekin hasi zuten 2016 urtea. Hauek ere ez zuten zortea beraien alde izan eta bi partidak galdu zituzten. Larunbatean Elgoibarren bisita izan zuten eta honek partida guztian zehar UKE baino talde hobea zela erakutsi zuen, bai erasoan zein defentsan urnietarrak baino gehiago izan baitziren. Partida 33-39 amaitu zen elgoibartarren alde.

Igandean jokatutako bigarren partidan Bidasoa Irunen bisita izan zuten eta partida hau larunbatekoa baino orekatuagoa izan zen, baina defentsako arazoak berriro azaleratu ziren. Hala ere, oso inspiratua azaldu zen Imanol Pagola atezaina, meritu handiko geldiketak eginez. Lehenengo zatia irundarrentzako izan zen arren, bigarrenean Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilek markagailuari buelta eman eta aurretik jartzea lortu zuten beti ere abantaila minimoekin. Horrek eta partidako azkeneko erasoan egindako akatsek Bidasoakoek 27-28 emaitzarekin partida irabaztea ahalbidetu zuen. Aipatzekoa Joseba Errazkinek bi partidetan izan zuen partaidetza, Almerian jokatutako Espainiako Txapelketatik iritsi berria zela bere taldea laguntzen saiatu baitzen. Dena den, ezin izan zuen bere maila onenean jokatu, ez baitzuen ia atsedenik izan Euskadirekin jokatutako partiden ostean.

 

Jardunaldiko gainontzeko emaitzak:

 

Jubenil mutilak: Eibar 43 Urnieta Guria 20

Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 29 Urola 20

Kadete neskak: Leizaran 19 Urnieta Adarra Aroztegia 15

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa