JARDUNALDI KASKARRA ESKUBALOI TALDEENTZAT
Aurreko asteburuko eskubaloi jardunaldia kaskarra izan zen, jokatutako 8 partidetatik 3 garaipen eskuratu baitzituzten urnietarrek.
Lehenengo Territorialeko senior mutilek ezin izan zuten garaipena eskuratu eta Urnieta Balerdi Harategikoek 26-29 galdu zuten etxean Egiaren aurka, partida guztian zehar urnietarrak markagailuan atzetik izan ostean. Lehenengo zatian ez zuten ondo defendatu etxekoek eta Egiak berehala hartu zuen aurrea markagailuan eta atsedenaldira 13-16 iritsi ziren. Emaitzak urnietarrek partida altxa zezaketen esperantza utzi arren, bigarren zatiaren hasiera oso txarra izan zen etxekoen aldetik, erasoan akats ugari egiteaz gain 2 minutuko kaleratzeak jasan zituzten. Ondorioz, bigarren zatiko 8. minuturako Egiak sei goleko aldea eskuratu zuen (15-21). Hala ere, gorritxoek ez zuten amore eman eta hiru goletara gerturatzea lortu zuten amaierarako 4 minutu falta zirenean. Une horretan 7 metroko jaurtiketa alde eduki zuten baina huts egin zutenez partida irabazteko aukerak hor egin zuen alde. Azkenean, 26-29 donostiarren alde.
Senior neskek ere ezin izan zuten garaipena eskuratu igandean Durangon eta 22-18 galdu zuten Ibaizabalen aurka. Urnieta Larrialdiakekoen partida ona izan arren, jaurtiketa askotan kale egin zuten eta horrek partida bizkaitarrek irabaztea ahalbidetu zuen. Norgehiagoka erritmo altuarekin hasi zen eta markagailuak bi taldeen arteko berdintasuna erakusten zuen (8-8, 15. minutuan). Une horretatik aurrera urnietarrak jaurtiketak huts egiten hasi ziren eta atsedenaldira 11-9 iritsi ziren etxekoen alde. Bigarren zatiaren hasiera oso txarra izan zen gorritxoentzako eta Ibaizabalekoek 8 goleko aldea eskuratu ahal izan zuten (18-10). UKEko neskek ordea ez zuten borrokatzeari utzi eta 2 goletara gerturatzea lortu zuten baina, beste behin, jaurtiketak huts egin izanak urnietarrek partida altxatzea galarazi zuen. Azkenean, 22-18 Durangokoen alde. Aipatzekoa jubenilek egindako lana, minutu asko edukiz aurten seniorrek dituzten baja ugarien ondorioz.
Eskuratutako garaipenen artean, nabarmentzekoa Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek lortutakoa 27-28 Hondarribiren aurka. Iosu Irigoyen eta Gorka Vicenteren mutilek gaizki hasi zuten partida eta lehenengo 10 minutuen ostean 8-1 galtzen joan ziren. Baina hurrengo minutuetan, urnietarrak partidan sartu eta defentsa berrantolatu ostean golen aldea hirura murriztu zuten atsedenaldia iritsi baino lehenago. Bigarren zatian ez ziren erlaxatu eta minutu erabakigarrietara fisikoki aurkaria baino indartsuago iristeaz gain, Imanol Pagolak geldiketa garrantzitsuak egin zituen. Ondorioz, meritu handiko garaipena eskuratu zuten batez ere partida nola hasi zen ikusi ostean.
Garaipena eskuratu zuen beste talde bat Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskak izan ziren, 20-13 menderatuz Bera Bera. Horrela, Gipuzkoako Txapelketan bigarren garaipena jarraian eskuratu zuten.

Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek beste hainbeste egin zuten larunbatean Leizaranen aurka jokatutako derbian eta 29-20 irabazi zuten. Andoni Ruiz eta Jon Sanchezek entrenatutako neskak andoaindarrak baino gehiago zirela erakutsi zuten eta garaipen honekin sailkapeneko lehenengo postuan dira beraien multzoan Foru Aldundiko Txapelketan.

Azkenik, Eskubaloi Eskolak bere kideen arteko lagunarteko partida bat jokatu zuen hurrengo asteburuan Tolosako Eskubaloi Eskolaren aurka jokatuko duten partidari begira.
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
El resto de resultados fueron los siguientes:
Infantil mutilak: Ereintza B 25 Urnieta Ñam Restaurante 24
Lehenengo urteko infantil neskak: Ereintza 21 Urnieta Altuna Autobusak 20
Jubenil mutilak: Bidasoa 32 Urnieta Guria 24