Urnieta Quel Abogadoseko jubenil neskek Federazio Trofeoa irabazi dute
Jardunaldi ona UKE eskubaloiko taldeentzat. Eskuratutako garaipenen artean, nabarmentzekoa jubenil nesken taldeak Ordiziaren aurka lortutakoa (23-18), honi esker Federazio Trofeoa irabaztea lortu baitute jardunaldi baten faltan. Partidaren lehenengo zatia berdindua izan zen arren, bigarrenean Andoni Ruizen eta John Sanchezen neskek defentsa egokitu zuten eta Irune Alcaide atezainaren geldiketei esker kontraerasora jokatu ahal izan zuten gol errenta eskuratzeko. Hortaz, irabazitako Kopa hurrengo jardunaldian jasoko dute Andoainen derbia jokatu aurretik.

Senior mutilek ondo hasi zuten Kopa
Urnieta Balerdi Harategiko mutilek 39-27 menderatu zuten Zarautzeko Amenabar partida osoan zehar nagusi izan ostean. Urnietarrek seriotasun handiz jokatu zuten eta atsedenaldirako 6 goleko errenta eskuratu zuten (16-10), batez ere Victor Rodriguezen atepeko erakustaldiari esker. Bigarren zatian zarauztarrek partidari beste erritmo bat ematen saiatu ziren baina etxekoak ez ziren urduri jarri eta talde guztiak primeran jokatutako bigarren zati baten ostean golen errenta 12ra zabaltzea lortu zuten. Goleatzaileak: Beñat Senperena (12), John Sanchez (9), Iñaki Ibañez (5), Josu Pagola (3), Xabat Salaberria (2), Julen García (2), Josu Arruarte (2), Eneko Urruzola (1), Erlaitz Arrieta (1), Gorka Vicente (1), Javier Fraisoli (1). Hurrengo asteburuan Egian jokatuko dute multzoko aurkari gogorrenetako baten aurka. Garaipena eskuratuz gero, finalean egoteko pausu handi bat emango lukete.
Bestalde, Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek hil ala biziko partida jokatu zuten Gipuzkoako Txapelketako finalerdietarako sailkapena eskuratzeko. Taldeak helburua lortu arren, ederki sufritu zuen zarauztarren aurka, nahiz eta hauek jokoan ezer ez izan. Partida urnietarren alde hasi zen 1-5 partzialarekin, baina Amenabarrek zenbait aldaketa egin zituen bere defentsan eta lehenengo zatiaren amaierarako partida berdinduta zegoen (14-14). Bigarren zatian zehar lehenengo zatiko berdintasunak jarraitu zuen, batzuetan etxekoek abantaila eskuratuz markagailuan. Baina azken minutuetan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek beste martxa bat sartu zuten eta defentsan baloi batzuk berreskuratu ondoren hainbat kontraeraso egin ahal izan zituzten partida amaierara 25-30 aldeko emaitzarekin iristeko. Urnietar zale ugari gerturatu ziren Zarautzeko Antoniano kiroldegira taldeari babesa ematera eta giro aparta sortzera.
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 27 golera berdindu zuten Tolosaren aurka Federazio Trofeoa eskuratzeko joaneko partidan. Partida ondoen deskribatzen duen hitza parekotasuna izan zen, ez etxekoek ezta kanpokoek ez zuten bi gol baino gehiagoko errenta lortzen. Orain Tolosan jokatu beharko dute dena erabakiko duen norgehiagokan.
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
Lehenengo urteko infantil neskak: Elgoibar 29 Urnieta Altuna Autobusak 20
Bigarren urteko infantil neskak: Urnieta Kamox 18 Pulpo 22
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 16 Usurbil 18
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 17 Bidasoa Irun 22