U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/09/22] GIZONEZKO SENIOR MAILAKO TRIANGULARRA

ELGOIBAR ESKUBALOIKO TRIANGULARREKO TXAPELDUN 

 

 

Aurreko larunbatean senior mutilek jokatutako eskubaloi triangularreko garailea Elgoibar izan zen, Uharte nafarrei hiru golen aldeagatik irabazi eta Urnieta Balerdi etxekoen aurka berdindu ostean. 

 

UKEkoek triangular ona jokatu zuten: lehenengo partidan berriro ere gol bakarrarengatik (15-14) galdu zuten Uharteren aurka. Aipatzekoa da azkeneko urtean nafarren aurka jokatutako hiru lagunartekoetan gorritxoek markagailuan gol bat azpitik amaitu dutela partida guztietan. Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek defentsan zertxobait despistatuta hasi zuten partida eta Uharte hortaz baliatu zen hasieratik abantaila lortzeko markagailuan, baina etxekoek akatsak zuzentzeko hutsartea eskatu ostean, hauen maila hobetzen joan zen eta UKEkoek partida berdintzea lortu zuten. Hala ere, bukaeran nafarrak jaurtiketetan erangikorragoak izan ziren eta gol bakarrarengatik eskuratu zuten garaipena. 

 

Triangularreko bigarren partida Uharte eta Elgoibarrek jokatu zuten. Bertan talde gipuzkoarra izan zen partidaren jaun eta jabe, nafarrak ustekabean harrapatuz defentsa sendo batekin eta kontraerasorako irteera azkarrekin. Horrela, 6 goleko aldea lortu zuten elgoibartarrek eta amaieran Uhartekoek golen aldea murriztu arren, ez zen nahikoa izan eta Elgoibarrek 15-18 emaitzarekin irabazi zuen. 

 

Triangularreko azken partida UKEk eta Elgoibarrek jokatu zuten eta bi taldeak oso parekatuta ibili ziren. Gorritxoek, 5:1 defentsari esker, aurkarien baloi zirkulazioa asko oztopatu zuten eta erasoen ostean defentsara atzera egiterakoan erne ibili ziren. Amaieran garaipena eskuratzeko aukera eduki zuten etxekoek baina epaileek gola baliogabetu zuten, UKEko jokalari batek urratsen araua urratu baitzuen. 

 

Gauzak horrela, Urnieta Balerdi Harategikoek pozik amaitu zuten, beraien kategoria baino gorago jokatzen duten bi taldeen aurrean oso lehiakorrak izan zirelako. Lagunarteko partidetan erakutsitako mailaren ostean, Bigarren Territorialean denboraldi on bat egiteko esperantza dute klubean, Lehenengo Territorialerako igoera lortzea baita helburu nagusia. 

 

Asteburuan jokatutako beste lagunarteko partiden emaitzak:   

 

Senior neskak:UKE 21-19 Leizaran 

Kadete mutilak: UKE 26-25 Ordizi Eskubaloia 

Infantil mutilak: UKE 16-19 Bera Bera Eskubaloia 

Kadete neskak: UKE 18-17 EGIA eskubaloi taldea 

Jubenil neskak: UKE 21-26 Egia

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa