DERBY ZIRRARAGARRIA KADETE NESKEN ARTEKOA
Gol bakarragatik gailendu ziren bigarren urtekoak
Igande goizean derby zirraragarria jokatu zen Udal Kiroldegian kadete nesken mailan.Lehiaketa honen aurretik egindako zozketak bi talde urnietarrak multzo berean ipini zituen eta, joaneko partidan berdindu ostean, itzulikoa ere oso parekatua izan zen.
Urnieta Bosteko taldea osatzen duten lehenengo urteko jokalariak apur bat hobeak izan ziren lehenengo zatian, Urnieta Kamoxen defentsan hainbat hutsune topatuz eta bere pibotearekin ondo jokatuz. Hala ere, gol abantailak minimoak ziren eta gazteenen aldeko 13-12 markagailuarekin amaitu zen lehenengo zatia.
Bigarren zatian berriz, Kamoxekoek beraien defentsa 6:0-ra aldatu zuten eta Bostekoren erasoak zaildu zituzten arren, 21. minutu arte ez zuten lortu markagailuan aurretik jartzea. Une horretatik aurrera markagailuan agindu zuten gol abantaila handiegirik gabe eta 60 minutuen amaieran 24-25 Kamoxen aldeko emaitza adierazten zuen markagailuak. Partiduak argi utzi zuen Urnietako eskubaloia nesketan indartsu dagoela, kadete mailan bi talde on baititu. Zorionak bi taldeei.


Partida bikaina ere Urnieta Guriako infantil mutilek jokatutakoa,sailkapeneko lehenengo postuan aurkitzen eta infantil mailako txapeldun izateko hautagai nagusia den Zarautzeko Amenabarren aurka. Zarauztarrak partidu bat galdu gabe iritsi dira amaierako fase honetara, baina parean buruz-buru eta bat ere konplexurik gabe jokatu zion Urnieta taldearekin topatu ziren, azken hauek ia bi puntuak eskuratuz. Urnietarrek, Amenabarreko jokalari arriskutsuenak geldiarazteko defentsan lan ona burutzeaz gain, erasoan eraginkor ibili ziren. Horrela, 5 minutu faltan UKEkoek hiru goleko abantaila lortu zuten baina, azken minutu horietan zorte txarra eduki eta Amenabarrek 21era berdintzea lortu zuen.
Ordu berdinean baina Zarautzen UKEko infantil neskek Aiala Bren aurka jokatu zuten.Sailkapenean puntu batera eduki arren zarauztarrak, ezin izan zuten punturik eskuratu eta 16-13 galdu zuten.
Urnieta London Schooleko senior neskek ostiralera aurreratu zuten Leizarani egin beharreko bisita, Euskadiko Txapelketako zazpigarren postua erabakitzeko itzuliko partida. Aurreko astean Urnietan jokatutako joaneko partiduan eskuratutako 4 goleko abantailarekin aurkeztu ziren UKEkoak eta partidan zehar markagailuan nagusi izan arren, azken minutuetako nahasmenak eta presak Leizaran markagailuan gerturatzea ahalbidetu zuen, azkenean berdintzea lortu arte. Hala ere, UKEkoek Euskadiko Txapelketako zazpigarren postua eskuratu eta horrekin batera denboraldi ofiziala amaitutzat ematen dute.
UKE Balerdiko senior mutilek Pasai-Donibaneren kantxan jokatu zuten larunbatean.Partidua 8-1eko aurkako partzial batekin hasi zen eta honek eragina izan zuen lehenengo zatian erakutsitako jokoan, esfortzu gehigarri bat egin behar izan behar baitzuten markagailuan gerturatzeko, atsedenaldira hiru goleko desabantailarekin iritsiz. Bigarren zatian berdintzea lortu zuten baina behin ere ez zuten lortu markagailuan aurretik jartzea. Amaierako emaitza 32-27 izan arren, taldearen sentsazioak berriro ere onak izan ziren.
Ez zuten ondo hasi Kopa UKE-Usurbileko jubenil mutilek, Hondarribiako La Bacaladeraren aurka,nahiz eta duela aste gutxi erraz gailendu ziren talde beraren aurka. Oraingoan berriz, berez jokalari gutxik osatzen duten taldean zenbait baja zituzten eta honek asko zailtzen zuen talde hondarribiarra mendean hartzea, azken honek garaipena eskuratuz 22-18 markagailuarekin.
Senior taldeak izan ezik, UKEko gainontzeko taldeek Oportotik gertu dagoen Sao Joao da Madeira herrira bidaiatuko dute Aste Santuan, “Andebolmania” Nazioarteko Txapelketan parte hartzeko. Jokalari, entrenatzaile eta senideen artean, guztira 130 urnietar izango dira herriko eskubaloiarentzat lehenengo nazioarteko esperientzia biziko dutenak. Zorte ona opa diegu denei.