U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2014/11/10] AZAROAK 8-9 ASTE BURUKO EMAITZAK

UKE-ko SENIOR MUTILEK GARAIPENA LORTU 22-27 ETXETIK KANPO LEIZARANEN AURKA JOKATUTAKO HERRI ARTEKO DERBIAN

 

Urnietako eskubaloiko mutilen talde guztiek lortu dute garaipena asteburu honetan, nesken kasuan bestelakoak izan direlarik emaitzak.

 

Azpimarragaria asteburuko azken partidan, Lehenengo Territorial mailan dabiltzan Urnietako senior mutilek Andoaingo Leizaranen aurka herri arteko derbian lorturiko garaipena. Nahiz eta ia partida osoan zehar urnietarrak aurretik joan, irrikaz beteriko norgehiagoka batez gozatzeko aukera izan zuten igande goizean Andoainera hurbildutako ikusle guztiek. Deskantsora 11-13 joanda ere, partidako azken 15 minutuetan Leizarangoak markagailuari buelta eman eta aurretik joatea lortu zuten, jokalarien urduritasun eta baloi galtzeen ondorio izanik. Haal eta guztiz ere, “gorriek” beren indar guztiak atera eta partidako momenturik gozoenak eskaini zituzten, ordura arte atakean erakutsi ez zuten joko bizia gailenduaz. Azken emaitza, 22-27 izan zen Urnietakoen alde, sailkapenean aurrera egiteko izugarrizko garrantzia zuten bi puntu eskuratuz. Momentu honetan, laugarren postuan kokatzen dira hirugarren postuan dagoen taldetik hiru puntura. Asteburu honetan partida garrantzitsua dute etxean Usurbilen aurka, hil ala biziko partidoa izango delarik. Azpimarragarria taldeko atezainak diren Bittor Rodriguez eta Peru Lizasok eskainitako erakustaldi bikaina, maila handiko geldialdiak egin baitzituzten, partidari buelta emateko ezinbestekoak izanik.

Bittor Rodriguez atezaina partiduko momentu batean

 

Josu Pagolak, lehen taldean debuta egin zuen

 

Jardunaldiari larunbat goizean eman zitzaion hasiera, infantil mutilek 25-11 irabazi ziotelarik Zarauzko Amenabar taldeari. Urnieta Nañ Jatetxeko jokalariek defentsa on bati eutsiaz atera zuten partida aurrera, erasoaldi argiak egiteko aukera edukiaz. Talde honen lehenengo garaipena izan da ligan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguez agindupean.

 

Larunbatean jokatutako jardunaldiekin jarraituz, Urnietako Guria Jatetxeko jubenill mutilek etxean lorturiko garaipena (39-33). Eibarko taldearen aurka jokatu zuten, golez beteriko partida bat izanik. Guztira, 72 gol egon ziren, beraz argi dago ikusleek ez zutela aspertzeko denborarik izanik. Esan daiteke, defentsa gogor baten ausentziak eragindako emaitza bat izan zela. Hala ere, garaipen garrantzitsua taldearen indarra bizirik mantendu eta lanean jarraitzen laguntzeko.

 

Urunietako Kamox taldeak berriz ez zuen zorterik izan Legazpin jokaturiko partidan, 19-14 galdu baitzuten. Tentsio eta kontzentraziorik gabeko partida bat izan zen, kontrako taldeak partida uneoro beraien alde edukitzeko aprobetxatu zutelarik.

 

Bestetik, Urnietako Larrialdiak izenpean dagoen senior nesken taldeak eskura izan zuen garaipena Oreretako Ereintzaren aurka jokatutako partidan. Partidaren gehiengo zabal batean bost goletik gorako tartea izanda ere, azkenean Oreretako taldeak indarrak atera eta markagailuari buelta ematea lortu zuten. Azken minutuan urnietarrek markagailua berdintzea lortu bazuten ere, azken hamar segunduetan kontrako taldeak garaipenaren gola sartzea lortu zuten. 

 

Igande goizean Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek garaipen erraza eskuratu zuten Zarauzko Amenabar taldearen aurka (37-21). Uneoro partida kontrolatzea lortu zuten, bai atakean eta baita defentsan ere. Partida honi esker hirugarren kokatzen dira ligako zerrendan. Etorkizun oparoaz gozatzeko aukera izango duen talde baten aurrean gaudela ezin uka daiteke.

 

Azkenik, Quel Abogadoz izenpean jokatzen duten jubenil neskek ezin izan dute garaipena lortu Consulting Alaves taldearen aurka, 21-23 galdu baitzuten Urnietako kiroldegian. Etengabe egindako akatsek baldintzatu zuten partidaren erritmoa eta baita azken emaitza.

 

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa