U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/08/20] AURREDENBORALDIARI HASIERA

SENIOR TALDEEK DATORREN ASTEAN EMANGO DIOTE HASIERA AURREDENBORALDIARI

 

 

Datorren astelehenean, hilak 24, Gipuzkoako Lurraldeko Gizonezkoetako kategorian lehiatuko den Urnieta Balerdi Harategia 2015-2016ko aurredenboraldia prestatzen hasiko da. Gorritxoek 20:00etan dute hitzordua Udal Kiroldegian sei astez luzatuko den aurredenboraldiko lehenengo entrenamendua osatzeko.

 

Jokin Jimenezek zuzendutako taldea aurten jokalari gehiagoz osatua egongo da. Lehengo urteko 14 jokalariei, jubenil mailatik igoko diren 4 jokalari eta zelaietara itzuliko den jokalari ohiren bat gehituko zaizkie. Aipatzekoa da ere aurten Patxi Morandeira egongo dela entrenatzaile-laguntzaile lanetan eta lan-talde teknikoa osatzeko, Andoni Urbistondok lehengo urteko taldeko ordezkari lanetan jarraituko duela.

 

Aurredenboraldiko partidei dagokionez, irailaren 12an, larunbata, Uharten (Nafarroa) Lehiaketa Triangular bat jokatuko dute Uharte eta Beti Onak taldeen aurka, biak Nafarroako Bigarren Nazional mailakoak.

 

Zazpi egun beranduago, hilak 19 larunbata, zale urnietarren aurrean aurkeztuko dira beste Lehiaketa Triangular batean. Lagunarteko partida hauek herriko kirol anitzeko pista berriro inauguratzeko balioko dute, uda honetan zehar egindako lanekin eskubaloi zelaia nabarmendu nahi izan baita eta ondorioz, itxura guztiz berritua eskaintzen du. Lehiaketa Triangeluarreko aurkariak Elgoibar eta Uharte izango dira, azken hauek UKEkoei bisita itzuliz.

 

Bestalde, talde gorritxoak ez du zehazki jakingo iraila hasiera arte zein kategoriatan lehiatuko den datorren denboraldian. Iazko ligan puntu bakar batengatik gelditu ziren Lurraldeko Lehenengo mailako jaitsiera postuetan, baina baliteke kategoria honetan berriro ere 12 taldek osatutako liga batera itzultzea. Hori gertatuz gero, UKEkoek bere Lurraldeko  Lehenengo mailako lekua berreskuratuko lukete. Beraz, egun batzuk itxaron beharra dago Federazioaren erabakia ezagutzeko.

 

Senior Neskak, egun bat beranduago.

 

Urnieta Larrialdiakeko neskak asteartean, abuztuak 25ean, 19:00etan hasiko dira denboraldia prestatzen eta lehenengo hiru asteetan lau entrenamendu izango dituzte astero. Euskadiko Lehiaketan jardungo duen taldea 13 jokalarik osatuko dute, horietatik hiru bigarren urteko jubenilak izanik. Urriaren 4ean hasiko den liga baino lehenago hiru lagunarteko partida jokatuko dituzte.

 

Aurtengo denboraldirako taldeak dakarren berri nagusia aulkian dago, non Victor Rodriguezek Xabi de la Mota ordeztuko duen. Azken honek, aurtengo denboraldian jubenil mutilen taldea zuzenduko du.

 

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa