ESKUBALOIKO SENIOR PARTIDETAN GARAIPEN BAT URNIETARENTZAT ETA BESTE BAT EIBARRENTZAT
Aurreko asteburuan eskubaloiko bi senior taldeek Eibarren aurka jokatu zuten. Neskek partida irabaztea lortu zuten baina mutilek ez zuten zorte bera izan eta hiru golengatik galdu zuten.
Urnieta Larrialdiakek Euskadiko Ligaren bigarren fasea garaipen batekin hasi zuen. Lehenengo zatia berdindua izan zen, bi taldeek txandaka aurrea hartuz markagailuan. Horrela, atsedenaldira 11-12 iritsi ziren, eibartarren alde. Bigarren zatiaren hasiera txarra izan zen etxekoentzat, kanpokoek 4 goleko aldea lortu baitzuten. Victor Rodriguez urnietarren entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen defentsa berrantolatzeko eta garaipena eskuratzea posible zela gogorarazteko. Eta nahi zuen eragina lortu zuen, partidari buelta eman baitzioten etxekoek eta azkeneko minutuetara 3 goleko aldearekin iritsi ziren. Hala ere, erasoan egindako zenbait akatsek eibartarrak markagailuan hurbiltzea eragin zuten, baina azkenean bi puntuak etxean gelditu ziren (24-23). Garaipen honi esker taldeak gogo handiarekin jokatuko du hurrengo asteko derbia Leizaranen aurka.

Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek berriz 27-30 galdu zuten Eibarko Haritzaren aurka. Partida bigarren zatian erabaki zen, non kanpokoek urnietarrek baino eraginkortasun handiagoa erakutsi zuten. Lehenengo zatian etxekoek aurkaria harritzea lortu zuten defentsa lan handi bati esker, eta atsedenaldira 15-14 iritsi ziren. Hala ere, UKEkoek asteartean jokatutako partidako esfortzua nabaritu zuten eta partidako azken minutuetara ez ziren hain fin iritsi. Hori baliatuz, Eibarrekoek 0-5eko partziala lortu zuten bigarren zatiko 17. minutuan. Dena den, gorritxoak amaieraraino borrokatu zuten eta markagailuko aldea 3 goletara murriztea lortu zuten. Orain, UKEkoak sailkapeneko seigarren postuan dira 22 punturekin, laugarren eta bosgarren sailkatuekin puntuetara berdinduta.
Emakumezkoen Ohorezko mailako Bera Beraren aurkako lagunartekoa ostegunean
Ostegunean 19:15etan Bidebietan UKEko senior mutilek Bera Berako nesken aurka jokatuko dute lagunarteko partida bat. Honen arrazoi nagusia neskek beraien Ligako fase erabakigarrirako prestakuntza osatzea da eta partidak interes handia sortu du zale urnietarren artean.
Bestalde, Urnieta Ñameko infantil mutilek garaipen garrantzitsu bat eskuratu zuten 29-39 Leizaranen aurka. Urnietarrek hasiera ona izan zuten eta 3-13ko partziala ezarri zuten markagailuan. Minutuak aurrera joan ahala, Leizaranek 5 goletara hurbiltzea lortu zuen lehenengo zatia amaitu baino lehenago. Baina bigarren zatia urnietarrek berriro primeran hasi ostean, golen aldea berriro 10ekoa izatea lortu zuten
Gainontzeko emaitzak:
Lehenengo urteko infantil neskak: Ordizia 14 Urnieta Altuna Autobusak 10
Bigarren urteko infantil neskak: Urnieta Kamox 20 Aloña Mendi 21
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 21 Usurbil B 18
Kadete mutilak: Oñati 20 Urnieta Itxaso Arraindegia 27
Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 27 Urola 14
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 23 Bergara 26
