U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2016/04/18] APIRILAK 16-17 ASTEBURUKO EMAITZAK
URNIETA BALERDI HARATEGIAREN PARTIDA KAXKARRA DONIBANE TXAPELDUNAREN AURKA
 
UKEko senior mutilek Lehenengo Territorialeko txapeldun izan den Pasaiako Donibaneren aurka jokatu zuten. Partida hasi baino lehenago talde urnietarrak ohorezko harrera egin zion talde pasaitarrari.
 
Gorritxoek Ligari amaiera on bat eman nahi zioten baina ez zuten ondo hasi partida, baloi asko galduz eta jaurtiketa hutsegite asko eginez erasoan. Horrela, Donibanek berehala hartu zuen aurre markagailuan eta atsedenaldira 6-19 iritsi ziren kanpokoen alde. Bigarren zatian urnietarrek zenbait aldaketa taktiko egin zituzten eta bi piboterekin jokatuz erasoan aukera gehiago izan zituzten pasaitarren 6:0 defentsa gainditzeko. Bigarren zatiko partziala irabazi arren (14-13), kanpokoek abantaila handiegia eskuratu zuten lehenengo zatian eta amaierako emaitza 20-32 izan zen. Etxekoen jokalari onena Beñat Senperena izan zen, 9 golekin. Hortaz, partida kaxkarra Liga txapelketa on bat amaitzeko, denboraldi hasierako helburua soberan lortzeaz gain, azken 9 urtetan UKEk Lehenengo Territorialean eskuratu duen postu onena lortu dute. Orain datorren asteburuan bertan hasiko den Kopari ekingo diote gorritxoek eta lan polita egiteko gogoz daude.
 
Bestalde, Urnieta Larrialdiakeko senior neskek bi partida jokatu zituzten Bilboko La Salleren aurka, 2015-2016ko Euskadiko Ligari amaiera emateko. Bi partidak oso desberdinak izan ziren eta biak kontuan edukita, urnietarrak garaile izan ziren.
Larunbatean UKEkoek gol bakarrarengatik galdu zuten Bilbon. Hasieratik amaieraraino partida parekatua izan zen arren, bi taldeek hutsegite ugari egin zituzten erasoan. Bizkaitarrek alde zuten 3 goleko errenta ezerezean utzi ondoren, azken 10 minutuetan etxeko taldeak gehiago asmatu zuen jaurtiketetan eta partida gol bakarrarengatik eskuratu zuten (18-17). Markagailu horrekin, kanporaketak erabat irekita jarraitzen zuen igandeko partidan erabakitzeko.
 
Bigarren partidaren hasiera ez zen ona izan Victor Rodriguezen neskentzat, defentsan ahul jardun baitziren eta kanpokoek gola errazegi eskuratzen zuten. Baina pixkanaka urnietarrek defentsan erritmoa handitu zuten eta atsedenaldirako markagailuan aurretik ziren (11-6). Bigarren zatia berriz, askoz ere erosoagoa izan zen etxekoentzat eta 10 goleko errenta iristera iritsi ziren arren, azkenean 4 golengatik irabazi zuten (17-13).
Hortaz, partida bikaina denboraldi gogor eta zail bati amaiera emateko, taldeak lesio ugari jasan baititu. Horregatik, hurrengo denboraldirako orain lesionatuta daudenak ahalik eta azkarren errekuperatzea espero da. Bestalde, seniorren taldeak eskerrak eman nahi dizkio jubenilei urte guztian zehar eskainitako laguntza handiagatik.
 
 
Kadete mutilen garaipena Ormaiztegin.
 
Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilek 23-29 irabazi zuten igande goizean Ormaiztegin. Partida hasiera parekatu baten ostean, UKEkoek bigarren zati hasieran partida apurtzea lortu 6 goleko errenta eskuratu eta primeran kudeatu zuten abantaila hori amaieraraino. Garaipen honekin Foru Aldundiko Txapelketako bigarren postuan dira, Tolosa liderrarengandik bi puntura, txapelketa amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.
 
Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek garaipena eskuratu zuten (34-31) Andoaineko Leizaranen aurka jokatutako derbian. Partida bikain bat egin gabe, batez ere defentsan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek erasoan duten kalitateari esker gailendu ziren urnietarrak. Garaipen honi esker bigarren postuan jarraitzen dute, hurrengo astean aurka jokatuko duten Tolosa liderrarengandik bi puntura.
 
 
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Eskubaloi Eskola: Saieko 20 Urnieta 19.
Lehenengo urteko infantil neskak: Urnieta Altuna Autobusak 21 Ordizia 7
Bigarren urteko infantil neskak: Aloña Mendi 15 Urnieta Kamox 12
Kadete neskak: Leizaran 21 Urnieta Adarra Aroztegia 17
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 27 Arrasate 25
Jubenil neskak: Eibar Eskubaloia 26 Urnieta Quel Abogados 28
 
Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa