Azkeneko jardunaldia ona izan da UKE eskubaloiko taldeentzat. Aste Santuan Andebolmania Nazioarteko Txapelketan parte hartzea primeran etorri zaie taldeei ez galtzeko lehiaketa erritmoa eta 4 garaipen eta berdinketa bat eskuratzeko.
Urnieta Balerdiko senior mutilek denboraldi partidarik onenetariko bat jokatu zuten Zarautzeko Amenabar B-ren aurka, Gipuzkoako Kopari zegokion partidan. Denbora guztian jokoaren alderdi guztietan gailendu ziren aurrean zuten aurkariari eta tarteka momentu bikainak izanez kiroldegian bildu ziren ikusle guztien gozamenerako. Jokalari urnietar guztiek beren onena erakutsi zuten eta 34-24 nagusitu ziren.
Larunbat goizean bi Ereintza-UKE partida egon ziren Errenteriako kantxan: jubenil neskek puntu bat eskuratu ahal izan zuten 18na berdinduz eta kadete mutilek 30-24 galdu zuten. Aipatu beharra dago aurkako taldearen aurka jokatzeaz gain, gure taldeek epaileetako baten, J. Gordo, zentzurik gabeko jokaerari aurre egin behar izan ziotela. Bi partidetako bigarren zatietan aulki gorritxoa bere onetik atera zituen modu argian etxekoen alde ziren eta urnietarrak asko kaltetu zituzten erabakiak hartuz. Pena horrelako astakeriak ikusi behar izatea eskubaloi kantxa batean.
Garaipen handia, 16-31, UKE Bostekoko kadete neskek Zumarragako Urolaren aurka etxetik kanpo eskuratutakoa. Beraien joko estiloa jarraituz, erritmo handi bat ezarri zioten jokoari, defentsa on bati bati esker kontraerasora jokatu ahal izan zuten, maisuki menderatzen dutena. Horri esker, sailkapeneko lehenengo postuan jarraituko dute beste aste batez.
UKE-Usurbileko jubenil mutilek ezin izan zuten menderatu Bidasoa aurkari indartsua Artalekun eta amaierara arte borrokatu arren, azkenean 30-24 galdu zuten lehenengo postuan dagoen talde irundarraren aurka.
Partida bikaina ere infantil mutilek igande goizean Egiako Kiroldegian jokatutakoa bertako taldearen aurka. Talde infantilak Portugaletik ekarritako lehiaketa erritmoa aprobetxatu eta jokoaren alderdi guztietan nagusitu zitzaion aurkariari. Gainera, taldeak lesio eta oporrengatik zituen bajak modu bikainean ordezkatu zituzten orain arte minutu gutxiago eduki dituzten jokalariek. Azkenean, Egia 16 - UKE Guria 30.
Urnieta Kamoxeko bigarren urteko kadete neskek aurreko jardunaldi batetik atzeratutako partida jokatu zuten Urolaren aurka eta igande goizean Zumarragaraino bidaiatu behar izan zuten. Goiz jaikitzeak pena merezi izan zien, etxera bi puntu garrantzitsu ekarri zituzten 15-19 irabazi ostean. Nahiz eta ez jokatu partida on bat, eskuratutako bi puntuei esker sailkapeneko hirugarren postuan dira orain, lehenengo postuan aurkitzen den Urnietako beste kadete nesken taldearengandik puntu bakarrera. Baina sailkapeneko lehenengo postua eskuratu nahi badute asko hobetu beharko dute hurrengo bi partidetan.