Lehenengo Territorialeko Urnieta Balerdi Harategiak Amenabar menderatu zuen bi aurpegi erakutsi zituen partidan
UKE eskubaloiko senior mutilek 32-35 irabazi zuten partida arraro batean, non lehenengo zatian aurkariak baino joko maila askoz hobea erakutsi zuten bai defentsan zein erasoan. Horren froga nagusia markagailuak atsedenaldian erakusten zuen 8-20ko emaitza zen. Baina bigarren zatian Amenabarrek partidari beste erritmo bat ematea erabaki zuen, defentsa-eraso trantsizio azkarrak eginez eta urnietarrei ezustean harrapatuz, hauek ordua eskatuz amaitu zutelarik partida baina jokoan ziren bi puntuak eskuratuz. Ez zuten sentsazio onekin amaitu UKEkoek, lehenengo zatian erakutsitako joko onak ez baitzuen jarraipenik izan bigarren zatian. Aipatzeko Beñat Senperenaren nogehiagoka 15 golekin. Datorren asteburuan Ligako azken jardunaldia jokatuko dute Donibane liderraren aurka. Pasaitarrek bi puntuak eskuratu behar dituzte Ligako titulua eskuratu ahal izateko, baina gorritxoek partida ahalik eta zailen ipintzen saiatuko dira, joaneko partidan Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilek berdinketa baliotsu lortu baitzuten.

Senior neskek gehiegizko zigorra izan zuten Urdulizen jokatu zuten partidan, denboraldi honetan urrutien jokatu dutena, hain zuzen. Momentu txarrean iritsi zitzaien Euskadiko Ligako D multzoko azken partida, baina aurtengo denboraldian jubenilek taldeari ematen ari diren laguntzari esker partidari aurre egin ahal izan zioten, jokalari gutxirekin bazen ere.
Urnieta Larrialdiakekoak ondo ekin zioten partidari, defentsan sendo eta erasoan eraginkor, tarteka markagailuan aurrea hartuz. Baina lehenengo zatiaren amaieran, zenbait baloi-galeren ondorioz, etxekoek 5 goleko errenta eskuratu zuten, atsedenaldira 14-9 iritsiz. Golen diferentzia horrek eta 9 jokalari urnietar bakarrik izanda bazirudien abantaila hori erabakigarria izango zela, baina bigarren zati hasiera bikain bati esker Victor Rodriguezen neskek gol batera hurbildu ziren (14-13, 10. minutuan) eta berriro partidan sartu ziren. Baina urnietarren nekeak eta zenbait baloi-galerek etxekoek erreakzionatzea eragin zuen eta pixkanaka markagailuan aldentzea lortu zuten, azkenean 28-16ko emaitza lortuz bizkaitarren alde.
Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ari diren hiru talde infantilek ez zuten zorte handiegirik izan eta beraien partidak galdu zituzten.
Urnieta Ñam Restauranteko infantil mutilek 27-24 galdu zuten Zumarragako Urolari egindako bisitan. Urnieta Kamoxeko bigarren urteko infantil neskek ere galdu egin zuten Elgoibarren aurka, 16-21, eta Urnieta Altuna Autobuseko lehenengo urteko infantil neskek 25-19 galdu zuten Irunen Bidasoaren aurka. Azken hauek partida hasiera kaxkarra izan zuten defentsan eta irundarrek 9-2ko aldea lortu zuten 10. minutuan. Baina pixkanaka Kontxi Estevezen neskak hobetzen joan ziren eta atsedenaldirako 14-11 hurbiltzea lortu zuten. Bigarren zatia onena izan zen, bai defentsan zein erasoan, baina jaurtiketa dezente huts egin zituztenez Irunekoek berriro ere markagailuan aldentzea lortu zuten, azkenean 25-19ko emaitzara iritsiz.
Bestalde, Eskubaloi Eskolak lagunarteko partida entretenigarri bat jokatu zuen bere kideen artean, hurrengo igandean Eskolen Ligaren barruan Donostian Saiekoren aurka jokatuko duten partidari begira.
Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
Kadete mutilak: Urnieta Itxaso Arraindegia 29 Ereintza 20
Kadete neskak: Urnieta Adarra Aroztegia 19 Aiala B 28
Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 27 Zuri Zuri 25
Jubenil mutilak: Automóviles Zarautz 29 Urnieta Guria 25