LEHENENGO TERRITORIALEKO SENIOR MUTILEN GARAIPEN BIKAINA LEGAZPIN
Primeran hasi du Lehenengo Territorialeko bigarren itzulia Urnieta Balerdi Harategiak, azkeneko jardunaldietako joko onari jarraipena emanez merezitako garaipena eskuratu baitu Legazpiko Zuauto Katiluren zelai liskartsuan. Gorritxoak, igandean kamiseta urdinarekin, Donibaneren aurka bezala 3-2-1 defentsarekin zelairatu ziren, etxekoen eraso-jokoa oztopatu nahiean. Lortu zuten beraien helburua, atsedenaldira 11-13 markagailuarekin iritsi baitziren.

Bigarren zatian aulki urnietarrak defentsa 5-1era aldatzea erabaki zuen eta legazpiarrak markagailua berdintzea lortu arren, UKEkoek amaierara arte borrokatu zuten eta azkeneko minutuetan 0-5eko partziala lortu zuten. Golatzaile urnietarrak: Josu Arruarte (5), Jon Sánchez (4), Josu Pagola (4), Eneko Urruzola (3), Gorka Urigoitia (3), Gorka Vicente (2), Beñat Senperena (2), Iñaki Ibañez (1), Julen García (1). Nabarmentzekoa atezainen lana, batez ere Iosu Irigoyenena, meritu handiko geldiketak eginez bigarren zatian. Garaipen honekin Jokin Jimenez eta Patxi Morandeiraren mutilak sailkapeneko seigarren postuan dira 14 punturekin eta 5 puntuko aldea irekitzea lortu duten hurrengo sailkatuarekin, Andoaingo Leizaran. Hurrengo larunbatean urte berriko lehenengo partida jokatuko dute Zumaiako Pulporen aurka, 19:15etatik aurrera.
Porrot gazi-gozoa Urnieta Larrialdiakeko senior neskena Zarautzen, irudi bikaina eskaini baitzuten baina tamalez gorritxoentzako ezin izan zuten markagailuan aurrea hartu partida amaieran. Taldea baja ugarirekin joan zen Zarautzera, baina joan zirenek lan bikaina egin zuten defentsan, baita Amaia Jauregi eta Oihane Sanchez atezainek.
Defentsan fin ibili arren, erasoan ez zuten lortzen nahi zuten jokoa. Ondorioz, markagailuan azpitik baina gertu egotea lortu zuten. Hala ere, partidan erabakigarriak izan ziren urnietarrek jasan zituzten hainbat bi minutuko kaleratzeak eta erasoan egindako akatsak. Azkenean 23-22 zarauztarren alde, baina UKEk irudi bikaina utzi zuen.
Jardunaldi bikaina talde infantilentzat: mutilek eta bigarren urteko neskek Gipuzkoako Txapelketarako sailkatzea lortu dute. Urnieta Ñam Restauranteseko mutilek Egia 1 33-21 menderatu zuten eta Urnieta Kamoxeko neskak 7-26 gailendu ziren Zarautzeko Aiala C-ri.

Lehenengo urteko infantil neskek 21-13 menderatu zuten Tolosa baina azkeneko hiru jardunaldietan borrokan jarraitu beharko dute sailkapena lortzeko. Sailkaltzea lortuz gero, UKErentzat une historiko bat biziko litzateke, bere hiru infantil taldeak Gipuzkoako Txapelketan jokatuko lukete eta lehenengo aldiz.

Gainontzeko emaitzak:
Kadete mutilak: Salleko 42 Urnieta Itxaso Arraindegia 36
Kadete neskak: Legazpia 18 Urnieta Adarra Aroztegia 16
Jubenil neskak: Urnieta Que Abogados 27 Eibar 17
Jubenil mutilak: Arrasate 32 Urnieta Guria 26