U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/11/30] AZAROAREN 28-29 ASTEBURUKO EMAITZAK

GARAIPEN GUTXI URNIETAKO ESKUBALOIAREN JARDUNALDI ESKASEAN

 

Aurreko asteburua ez zen ona izan UKEko eskubaloi saila osatzen duten talde gehienentzako, bi garaipen soilik lortuz zazpi partidetan.

 

Urnieta Balderdi Harategiak 35-24 emaitza argi batekin galdu zuen bere partidua Egiaren aurka igande goizean. Etxekoek ederki hasi zuten partida bigarren lerroko jokalariek gidatutako kontraeraso onak eginez eta gorritxoek berriz ez zuten lortzen partidan sartzea. Horrela, UKEkoen aulkiak hutsartea eskatu behar izan zuen 6. minutuan taldea esnarazteko. Neurri batean eragina izan zuen hutsartea eskatu izanak, baina Jokin Jimenezen mutilek orokorrean zuen defentsa jarrera faltagatik atsedenaldira 15-8 emaitzarekin iritsi zen partida. Bigarren zatian urnietarrak defentsan lan egiten hasi ziren baina erasoan jaurtiketetan egindako akatsek eta lehenengo zatian etxekoek lortutako abantailak partidari buelta ematea galarazi zuen. Datorren jardunaldian UKEkoek atsedena dute zubiagatik eta gertatutakoa aztertu beharko dute, Gabonetako atsedena baino lehenago Urola eta Amenabarren aurkako partidak prestatzeaz gain.

 

Nesken lehenengo taldeari dagokionez, Euskadiko Txapelketako Urnieta Larrialdiak Fundazioko neskek galdu egin zuten 34-14 oso nagusi azaldu zen Bera Beraren aurka. Partidaren jabe bakarra talde donostiarra izan zen 60 minutuen zehar baina talde urnietar gazteak lanean jarraitu behar du esperientzia edukitzeko eta bere ligako taldeen aurka lehiakorra izateko.

 

Porrot gogorra jasan zutenak Urnieta Itxaso Arraindegiko kadete mutilak izan ziren, Elgoibarren aurka. Talde gorritxoa lo atera zen defentsan eta horri esker etxekoek markagailuan azkar lortu zuten 4 goleko aldea, baina urnietarrak esnatzea lortu eta atsedenaldira 3 goleko desabantailarekin iritsi ziren. Bigarren zatian mutilak partidaren bila atera ziren baina adieraezinak diren zenbait baloi-galeren ondorioz elgoibartarrek 7 goleko errenta lortu zuten. Hortik aurrera Iosu Irigoyenen mutilek erritmoa jaitsi zuten eta partidua 42-26 amaitu zen. Partida honek mutilek ikasten, lanean eta borrokan jarraitzeko balio izan beharko du, Gipuzkoako talde onenen aurka behar bezala jokatu ahal izateko.

 

Partida bikaina larunbat goizean ikusi ahal izan zena, UKEko bi infantil nesken arteko derbian. Bi taldeek baloi bakoitza borrokatu zuten arren, agerian gelditu zen Urnieta Kamoxekoek kategorian urte bat gehiago daramatela eta horrek ematen duen abantaila. Urnieta Altuna Autobuseko txikiak primeran hasi zuten partida eta bigarren urtekoek dexente sufritu zuten lehenengo minutuetan zehar, markagailuan atzean zirelarik. Urnieta Kamoxekoek zenbait jokalari-aldaketa egin behar izan zituzten partidari buelta emateko eta 10-5 iristeko atsedenaldira. Bigarren zatian txikienak emaitzari buelta ematen saiatu ziren baina bigarren urtekoen nagusitasun fisikoak partida azken hauen alde erortzea erabaki zuen. Azkenean, 20-9 Urnieta Kamoxekoen alde eta kiroldegiko harmailak bete zituzten guztiek ikusi ahal izan zuten UKEko harrobia oso indartsu dagoela.

 

 

 

Urnieta Adarra Aroztegiko kadete nesken azken unean lortu zuten beraien partida irabaztea Zumaiako Pulporen aurka, azkeneko minutuetan erabaki zen partida berdindu baten ostean. Maider Cambra hegaleko jokalariak primeran jokatu zituen azkeneko minutu horiek, zenbait baloi lapurtuz defentsan eta erasoan fin ibiliz. Amaierako emaitza 18-17 urnietarren alde.

 

Igande goizean Eskubaloi Eskolak Hernaniren aurka jokatu zuen eta duela hilabete bat egin zuen antzera, topaketa bi partidatan banatu zen. Bi Eskolek oso joku-estilo ezberdinak proposatu zituzten eta partida polit bat jokatu zuten Hernanira gerturatu ziren guraso guztien aurrean. Txikiek pixkanaka hobetzen jarraitzen dute eta beste topaketa bat izango dute Gabonetako oporrak baino lehenago.

 

Gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:

 

Jubenil neskak: Urnieta Quel Abogados 23 Aloña Mendi 28

Jubenil mutilak: Urnieta Guria 16 Leizaran 31

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa