U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2015/10/02] URRIAREN 3-4 ASTEBURUA

ESKUBALOIKO LEHEN TALDEAK BERRIRO LEHENENGO TERRITORIALEAN JOKATUKO DU 

 

Aurreko ostiralean, lehiaketa hasteko bakarrik zazpi egun falta zirenean, ezustean jakinarazi zuten Urnietako Senior Mutilek aurten ere Lehenengo Territorialean jokatuko dutela. Bigarren Nazionalean jokatu behar zuen Erandiok bere plazari uko egin zion, ondorioz, Errenteriako Ereintzak talde bizkaitarraren tokia hartuko du eta, modu berean, gorritxoek Ereintzak Lehenengo Territorialean utzitako hutsunea beteko du.  

 

Aurreko denboraldian urnietarrak Leizaran eta Urolarengandik puntu batera gelditu ostean maila galdu zuten ligako azkeneko jardunaldian. Ondorioz, taldea aurten Lehenengo Territorialera igotzeko asmo irmoarekin zebilen lanean azkeneko asteotan, baina hala eta guztiz ere Ereintzak utzitako plaza hartzea erabaki da, denboraldirako finkatuta zeuden helburu guztiak aldatuz. Aurtengo denboraldian Urnieta Balerdi Harategia Jokin Jimenez eta Patxi Morandeirak zuzenduko dute eta taldea, jubeniletatik igo diren hiru juniorrez gain, duela urte batzuk jokatzen ibilitako beste jokalariren batekin ere sendotu da. Beraz, lehengo urtean baino talde lehiakorragoa espero da, Lehenengo Territorialean gelditzeko helburua lortzeko hainbeste arazo izango ez dituena. Helburu erraza ez izan arren, klubetik azaltzen dutenez, ilusioa eta gogoa ez dira faltako. 

 

Larunbat honetan bertan beraien zaleen aurrean jokatuko dute, Legazpiko Zuauto-Katiluren aurka, 19:00etan, Udal Kiroldegian. 

 

Denboraldiaren aurkezpena:   

 

Partida hori baino lehenago, larunbatean 11:30etan UKEko eskubaloi saileko talde guztien aurkezpena izango da. Bertan infantiletatik senior mailara bitartean arituko diren bederatzi taldeak aurkeztuko dira. Aurkezpenean talde guztiek ekipazio berria izango dute eta denon argazki ofizialak egingo dira. Eskubaloi Eskolakoak ere bertan izango dira, aurten lehengo urtean zuten ume kopurua bikoiztu dutelarik. 

 

Arratsaldean berriz, lehiaketa ofizialari hasiera emango zaio etxean hiru partidekin: 16:00etan kadete mutilek Egiaren aurka jokatuko dute. Jarraian, senior neskek 17:30etan Leizaranen aurka derbia jokatuko dute eta, azkenik 19:00etan, lehenago aipatutako partida jokatuko dute senior mutilek. 

 

Gainontzeko taldeek etxetik kanpo emango diote hasiera lehiaketari: kadete neskek Tolosari egingo diote bisita larunbat goizean 10:00etan, jubenil neskek Legazpiko Zuri-Zuriren aurka jokatuko dute larunbatean 17:30etan eta jubenil mutilek Ordizian jokatuko dute larunbatean 17:30etan.   

 

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa