U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2016/05/18] MAIATZAK 14-15 ASTEBURUKO EMAITZAK
 
INFANTIL MUTILEK FINALARIK GABE PULPOREN AURKA GALDU OSTEAN
 
Larunbat goizean Usurbilen partida zirraragarria jokatu zuten UKE eskubaloiko infantil mutilek, bertan Gipuzkoako Txapelketako finalerako postu bat baitzegoen jokoan. Zale gorritxoez betetako harmailekin, partida Zumaiakoen alde hasi zen baina atsedenaldira iristeko minutu batzuk falta zirenean Urnieta Ñam Restaurantekoak defentsan sendoago ibili eta markagailuan aurrea hartu zuten (10-9 lehenengo zatiaren amaieran).
 
Bigarren zatiko 10. minuturako urnietarrek bi goleko errenta eskuratu zuten baina jarraian, jokalari bat gutxiagorekin gelditu eta Pulpok berdintzea lortu zuen. Amaierarako segundo batzuk besterik falta ez zirenean, Zumaiakoak gol batengatik irabazten ari ziren baina orduan Aiert Labayen hegaleko jokalaria azaldu eta jaurtiketa bikain batez 20 goleko berdinketa lortu zuen. Denbora agortuta Pulpokoek partida irabazteko aukera izan zuten zuzeneko falta jaurtiketa batean, baina Urko Perurena atezain urnietarrarekin topatu ziren eta norgehiagoka luzapenera iritsi zen.
 
Une erabakigarri honetan urnietarren nerbio eta nekea azaldu zen eta zenbait baloi galeren ondorioz Pulpok 22-25 irabazi ahal izan zuen. Taldeak zaleek emandako babesa eskertu nahi du. Hirugarren postua eskuratzeko partida Tolosaren aurka jokatuko dute urnietarrek.
 
 
Senior mutilek Egiaren aurka galdu zuten
Urnieta Balerdi Harategiko senior mutilek Gipuzkoako Kopako finala jokatzeko ia aukera guztiak zituzten jokoan larunbat arratsaldean Egiaren zelaian, baina bigarren zatiaren hasiera txar batek galarazi zien garaipena eskuratzea. 
 
Partida berdindua izan zen lehenengo 30 minutuetan, nahiz etai UKEkoek bi minutuko kaleratze ugari izan eta lehenengo zati gehiena jokalari bat gutxiagorekin jokatu. Hala ere, defentsan serio eta erasoan eraginkor jokatuz 16-17 irabazten joan ziren atsedenaldira. Baina etenaldiak ez zien onik egin urnietarrei eta zenbait baloi galerek eta jaurtiketa hutsegitek etxekoei markagailuan aurrea hartzea ahalbidetu zien. UKEkoek hutsartea eskatu ostean lehenengo zatiko jokoa berreskuratu zuten baina ordurako Egiak eskuratutako 4 goleko abantaila gehiegizkoa zen partidari buelta emateko eta partida 35-31 amaitu zen. Azkeneko jardunaldian Egiak Zarautzeko Amenabarren aurka jokatuko duen partidan ezusteko handirik ez badago, donostiarrek jokatuko dute Kopako finala. Bestalde, urnietarrek denboraldiari agur esango diote etxean hurrengo ostiralean 20:15etan Lezoko Munttarperen aurka eta garaipena eskuratu nahi dute denboraldi on bati merezitako amaiera emateko.
 
 
Eskubaloi Eskolak Hernaniri irabazi zion
Eskubaloi saileko txikienek Hernani E.T.-ren Eskubaloi Eskolari irabazi zioten igande goizean Udal Kiroldegian jokatutako bi partidetan. Topaketa Eskubaloi Eskolen Ligaren artekoa izanik, urnietarrek beste behin erakutsi zuten pixkanaka hobetzen ari direla asteroko lanari esker.
 
Jardunaldiko gainontzeko emaitzak ondorengoak izan ziren:
 
Kadete mutilak: Tolosa 27 Urnieta Itxaso Arraindegia 26
Kadete neskak: Aiala B 19 Urnieta Adarra Aroztegia 18
Jubenil neskak: Leizaran 33 Urnieta Quel Abogados 27
 
Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa