U.K.E. Eskubaloia Facebooken         U.K.E. futbola Facebooken  
HASIERA | Castellano
[2016/03/09] MARTXOAREN 5-6 ASTEBURUKO EMAITZAK

UKEko SENIOR NESKEK LEIZARANI IRABAZI ZIOTEN DERBIA

 




Garaipen handia eskuratu zuten senior neskek Leizaranen aurkako derbian. Bigarren garaipen honekin sailkapeneko lehenengo postuan da Euskadiko Ligako bigarren fase honetan.
Partida hasieran bi taldeek hartu ahal izan zuten aurrea markagailuan eta jokoan bi taldeen erasoak defentsei gailentzen ziren. Gorritxoek defentsan gehiago estutu ostean bi goleko errentarekin iritsi ziren atsedenaldira (12-14). Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren amaiera bezalakoa izan zen eta horri esker golen errenta 6koa izatea lortu zuten. Abantaila hori ondo kudeatu zuten Victor Rodriguezen neskek eta amaierako emaitza 19-25 izan zen. Orokorrean taldeak maila onean jokatu zuen denboraldiko zazpigarren garaipena eskuratzeko. Nabarmentzekoa ere azken partidatan jubenilek seniorrei ematen ari zaien laguntza, azken hauek baja asko baitituzte taldean. Hurrengo partida Ibaizabalen aurka izango da eta lurralde bizkaitarrean jokatuko duten lehenengo partida izango da, Durangon hain zuzen.



Senior mutilek ezin izan zuten garaipena eskuratu larunbatean Elgoibar, bigarren sailkatuari, egindako bisitan. Urnieta Balerdi Harategikoak gaizki hasi zuten partida eta etxekoek berehala hartu zuten aurrea markagailuan. UKEkoen defentsa ez zen beste batzuetan bezain sendoa eta ezin izan zuten elgoibartarren erasoa geldiarazi. Hori nahikoa ez balitz, erasoan jaurtiketa asko huts egin zituzten eta horrela 15-9 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian defentsa-sistema aldatu arren, ez zen esperotako erreakzioa lortu eta etxekoek errenta bederatzi golera handitu ahal izan zuten. Amaieran Elgoibarrekoak zertxobait erlaxatu ziren eta urnietarrek emaitza zertxobait konpondu ahal izan zuten, bukaerako emaitza 29-23 izanik.

Hiru talde infantilen garaipenak

Partida ziraragarria ostiralean Urnieta Ñam Restauranteseko infantil mutilek jokatutakoa Tolosa A talde indartsuaren aurka. Urnietarrek hasiera pattala izan zuten jokalarien nerbioengatik eta batez ere defentsan nabaritu zen. Ondorioz, tolosarrek atsedenaldian 3 goleko errenta zuten. Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren amaieraren berdina izan zen Tolosak 5 goleko errenta eskuratu zuen arte. Une horretan, Eneko Salaberria eta Borja Rodriguezen mutilek beraien indar guztia erakutsi zuten eta partidari buelta ematea lortu zuten, amaierarako minutu bat falta zela 2 goleko errenta edukiz. Hala ere, ezin izan zioten abantailari eutsi eta tolosarrek egindako presioak partida berdintzea lortu zuen, azkenean 26-26ko markagailuarekin bukatuz partida. Nabarmentzekoa kiroldegian bizitako giro bikaina, zaleek asko animatu baitzuten txikienen taldea.



Bestalde, bi infantil nesken taldeek Gipuzkoako Txapelketako lehenengo garaipena eskuratu zuten. Lehenengo urteko Urnieta Altuna Autobuseko infantil neskek 21-16 irabazi zioten Zarautzeko Aial Dri eta bigarren urteko Urnieta Kamoxekoek 17-19 irabazi zioten Oriokori.



Gainontzeko emaitzak:

Kadete neskak: Aiala 32 Urnieta Adarra Aroztegia 24
Kadete mutilak: Urnieta Itxaso Arraindegia 30 Egia 23
Jubenil neskak: Ordizia 22 Urnieta Quel Abogados 19
Jubenil mutilak: Urnieta Guria 25 Eibar 30

Fitxategian bilatu

Albisteen fitxategia

Datuen babesa
Cookie-en politika
Lege oharra
Cookie-en konfigurazioa